Filma amiantoak eragindako kalteez sentsibilizatzeko

Guaixe 2016ko urt. 22a, 09:49

Gaur, 17:00etan, Altsasuko Gure Etxea eraikinean amiantoari buruzko istorioak jasotzen dituen filma proiektatuko da.

Nafarroan amiantoak kaltetutakoak biltzen dituen pertsonen elkarte bat sortzeko bilerak egin dira Altsasun azken bi hilabeteetan. Batzarretan parte hartu duten elkartearen sustatzaileek argi ikusi dute amiantoak eragindako gaitzak larriak direla eta haien ondorioei elkarrekin aurre eginda helburuak lortzeko aukera gehiago izanen dituztela. Antolatuta diru-laguntzak jaso eta eragin handiagoa lortzeko modua ikusi dute. Elkartea sortzeko prozesuan Euskal Autonomi Elkarteko Asvimiae elkartearen laguntza dute nafarrek. Hala, joan den ostiralean elkarte horren batzarrean gonbidatu gisa izan ziren.

Filma
Gaur, Altsasuko Gure Etxea eraikinean La plaza de la música filma proiektatuko dute. Juan Migel Rodriguez zuzendariaren ama amiantoak eragindako pleurako gaizto baten ondorioz hil zen. Etxeko andrea zen, ez zuen enpresa batean lan egiten. Baina etxetik 10 metrora amiantoarekin lan egiten zuen lantegi baten haizagailua zuen. Hark zabaldutak amianto izpiekin gaixotu zen. Aditu batek jakinarazi zion hori guztia Rodriguezi, hil eta gero.

Horrek bulkatu zuen Rodriguez amiantoari buruzko film bat egitera. Bera eta anaia amiantoa ikertzen hasi ziren: joan den mendeko 40ko eta 60ko artean erabili zela jakin zuten, surik hartzen ez zuelako, isolatzaile perfektua zelako, arina zelako eta merkea zelako. Eraikuntzan, automobilgintzan, itsasontzien, trenen eta hegazkinen eraikuntzan erabili zen, baita siderurgian ere. Bere zuntzak arnasteak dakartzan gaitzen berri inork ez zuen orduan.

Srodriguezek sorlekua duen Errenteriatik abiatuta “mila aurpegiko hiltzailearen” pista Gipuzkoako industria handietan barna segitu zuen. Amiantoak eragindako gaitzak zituzten pertsonak eta elkarteak eta haien borrokak ezagutu zituen gero. Baina amiantoaren zirkulua gero eta handiagoa zen. AEB eta Europan Espainian ez bezala amiantoaren arriskuez aspaldi gaztigatu zutela jakin zuen. Ibilbidea Indian bukatu zuen, mendebaldeko itsasontzi zaharrak txikitzen dituzten hondartzetan. Han ikusi zuen lehen munduak hirugarren munduari minbizia eragiten duen material hori saltzen segitzen duela. Amiantoari buruzko istorio mordoarekin osatu zuen Rodriguezek filma.