Bardoak 2016

Bardoak, Sakanan hasi eta buka

Guaixe 2016ko urt. 22a, 17:05

Nafarroako taldekako bertso ekimeneko saioa bihar, 19:00etan Altsasuko Gure Etxea eraikinean izanen da, eta finala Etxarri Aranazko frontoian jokatuko da, martxoaren 19an, arratsaldez.

 

Bi urtero ospatzen den Bardoak Nafarroako taldekako bertso ekimenak hirugarren edizioa du aurtengoa. Bardoak bertso-eskoletatik abiatuta bertso-eskolen sarea eta bertsozaletasuna indartzeko egiten da. Bertsolari eta bertsozaleen harrobia sustatu eta bertsolaritza gune berrietara zabaltzeko helburu badu ere. Horretarako, taldean oinarritzen da. Taldeek, gutxienez, bost kide izan behar dituzte: hiru bertsolari, gai-jartzaile/aurkezlea eta taldeko ordezkaria.

16 taldek parte hartuko dute, guztira 121 parte-hartzailerekin. Haietatik 71 bertsolari aterako dira plazara, inoizko kopururik handiena, eta 20 bertsolarik publiko aurrean lehenengoz kantatzeko pausua emanen dute. Haien artean daude Altsasuko bertso eskolakoak. Eskarmentu gehiago dute, berriz, Etxarri Aranazkoek.

Bardoak ekimenak irauten duen bi hilabeteetan 23 saio izanen dira. Kasu gehienetan saio horiek otorduekin osatuko dira. Lehen fasean taldeak bost taldetan banatu dituzte eta bakoitzak bere ligaxka jokatuko du. Bigarrenera sei talde onenak pasako dira eta hiruko finala, Nafarroako bertsolaritzaren festa handia, Etxarri Aranatzen jokatuko da.

Sakandarrak
Altsasuko bertso eskolako kideek Bota lasai taldea osatu dute: Aitziber Grados, Amets Artieda, Aritz Goikoetxea, Idoia Granizo, Ekain Alegre eta Joxema Leitza. Azken hiru horiek izanen dira kantuan ariko direnak. Aurreneko hiruak, berriz, hasierako agurrean, aurkezpenetan eta bestelakoetan ariko dira. Eskolartekoetan aritu ondoren, Leitza ezik, gainontzekoak Bardoak ekimenean estreinako aldia dute. Jendaurrean aritu izan badira ere, plaza gehiago egiteko aukera emanen die Bardoak ekimenak. Bota lasai taldeak bere burua horrela aurkeztu du: “bertsomania daukan taldea gara. Ez zaigu asko inporta bertso ona edo txarra den, kontua lasai botatzea da. Etorriko da hobetzeko garaia”.

Bertso-merendu saioa antolatu dute biharko, 19:00etan, Altsasuko Gure Etxean. Parean Iruñeko Xirristi Drimtim taldeko Xabier Terreros, Migel Anjel Ortiz de Guzman, Unai Uberetagoena eta Xabier Zarraluki bertsolariak izanen dituzte. Euren multzoa Lesakako Unibertsolariak taldearekin osatzen da. Haiekin hilaren 31n neurtuko dira, Lesakan, eguerdian. Multzoko onenak eginen du aurrera.

Einnekin izenarekin aurkeztu dira Bardoak ekimenera Eneko Lazkoz, Saats Karasatorre, Oier Lakuntza, Joseba Beltza eta Unai Artieda bertsolariak. Maider Ansa aurkezlearekin osatzen da taldea. Euren multzoa Lizarrako kardoak (Lizarraldea), 3 garagardo eta pintxo bat (Barañain-Berriozar) eta Barakinak (Larañain) taldeekin osatzen da. Lehen bi taldeek eginen dute aurrera. Etxarriarrak 29an Berriozarren ariko dira eta otsailaren 6an Barakinak hartuko dituzte.

Informazioa.