Lenny Kravitzen “Where are we running” entzuten dut irratian autoaren azeleragailuaren pedala estuago zapaltzen dudan bitartean. Errepideko seinaleak eta zenbait gidari atzean utzita dagoeneko, eguzkiarekin lehia bizian, lantokiko aparkalekura nor lehenago iritsiko. Gasoila errez, indar biziz kolpatzen du keak asfalto beltza inguruko bizidunak pozointzen dituen bitartean. Kamioi ilara handiek, migratzen doazen bale handien antzera, ortzimuga baino haratagoko lekuren batetik etengabe datoz hidrokarburozko laino artean.
Artista afroamerikarrak helarazten digun mezua datorkit burura kotxeko motorra itzaltzean. Ardura gehiegi, abiadura gehiegi gure bidean. Neguko hotzak noiz igaroko, udan zain ditugun beroak freskatzeko denborari bultzaka. Lasterketa batean sarturik, bizitzen ahaztu zaigu, hilabete bukaerako soldataren zain. Asteburuaren esperoan, oporrak noiz iritsiko. Konturatzerako jubilazioa, baldin eta iritsiko bada.
Haurrei begira ikasten da azkarren, bizitzak ez duela asperen bat baino irauten. Haien hazitze azkarrak erakusten digu zenbat denbora eskaini diogun egunerokotasunaren errotarri birrintzaileari. Haien aldamenean Lizarragako tunelera igotzeak eta ordubeteko elur festari darion atseginak, alde batera uzten ditu haizeak aurpegian zartarazten dizkigun izotz frintzen oinazea. Denborari begira egon gabe, beta dugun bitartean egin diezaiogun aurre eguraldi petralari hark eskaintzen digun bizipena gure memoria hauskorrean gorde dadin.