Aurreko urtearen bukaeran eta urte hasiera honetan, ilusioz lanean jarraitzeko notiziak ugariak izan dira gure bailaran. Nafarroako aurrekontuak prestatzeko epea bukatzear zegoelarik Sakanako dendari elkarteak, bidelagun turismo elkarteak eta Sakantzen sareak bilera bat deitu zuten azaroan egoerari buruz hitz egiteko. Bertan, erabateko adostasuna lortu zen egoeraren irakurketari dagokionez eta plataforma sozial bat sortzea erabaki zen. Honen helburua Nafarroako gobernuari Sakana 2020 plana estrategikoa diruz eta pertsonez hornitzeko eskaera bultzatzea. Egun batzuk lehenago, eskualdeko alkate guztiek mankomunitateko lehendakariarekin batera argitaratutako manifestua indartu zuen. Bertan eskaera bera egiten zen. Egun batzuk beranduago Sakanak izendatutako ordezkariak Nafarroako Gobernuarekin bildu eta ez zen denbora asko pasatu Manu Ayerdi kontseilariak 250.000 euroko diru laguntza bideratuko zuela Sakanako garapen ekonomikoa eta soziala sustatzeko 2016. urtean. Egia da eskatutako diruaren herena besterik ez dela baina proiektu batzuk martxan jartzeko nahiko izango da. Berri positiboekin jarraituz, aurreko astean eta aho batez, parlamentuak, ebazpen bat onartu zuen, bertan, Sakanako garapen ekonomikoa eta soziala modu jarraian lantzeko ekintzak sustatzea eskatzen zion gobernuari eta baita ere, Sakanako plan estrategikoa bere osotasunean garatzeko beharrezkoak diren baliabideak eskaintzea.
Notizia guzti hauek, positiboak izanik ere zerbait interesgarria adierazten dute. Behetik gorako presioak bere fruituak ekartzen dituela eta guztion arteko lankidetza eraginkorragoa izan ohi dela. Erronka asko ditugu aurrean, langabezia, prekarietatea eta oro har gizarte justuagoaren aldeko borrokan sortzen zaizkigun erronka guztiak. Sakanako garapena integrala izango da edo ez da izango.