“Erosteko modua aldatu da eta banago belaunaldi oso baterako gertatuko den aldaketa izango dela”

Maider Betelu Ganboa 2016ko urt. 29a, 08:05

Ibone Prieto

1.Noiz zabaldu zenuen La Cigueña?
2003ko maiatzean, Otadiko Kristo Deuna kalean. Opari bat egin behar genion lankide bati eta konturatu nintzen jaioberri eta haurrendako soilik arropa erosi ahal zela Sakanan; gainontzeko gauzak erosteko kanpora joan behar zela. Horrela, hutsune hori betetzera animatu nintzen. Lanpostua utzi eta denda jarri nuen. Urte onak ziren, asko egiten nuen lan. Denda txikia geratu zitzaidan eta bi urtez toki handiago batean alokatuta egon nintzen, 2010ean egungo lokala erosi eta denda zabaldu arte. Inbertsio handian sartu nintzen denda berriarekin.

2.Noiz hasi ziren gauzak okertzen?
2010, 2011 eta 2012 urteetan ongi joan zen kontua. 2013 urtea trantsiziozkoa izan zen, negozioa behera egiten hasi zelako, harik eta 2014an eta 2015ean kolpe latza jaso arte.

3.Eta zergatik gertatzen da porrot hau?
Jendeak krisiari egozten dio dena, ez da arrazoi bakarra. Errua gurea da, kontsumitzaileena. Nik lan egiten dudan sektorean, bi arrazoi nagusi daude porrotaren atzean. Batetik, herentzien kontua dago. Zure lagunak, lehengusuak… uzten dizkizu haurren gauzak. Krisiaren hasieran jende askok galdu zuen lanpostua, egoera kaxkarrean zegoen eta laguntza behar zuen. Baina hori orain ohitura bihurtu da, bezeroaren mentalitatea aldatu da. “Do it yourself” edo “zuk egin” mentalitatea gailendu da, birziklatzearena, berrabiltzearena. Moda berri batean bilakatu da. Nahiz eta jendearen egoera ez horren gaizki egon, krisiarekin hasi zen berrerabiltzearen ohiturak jarraitzen du.

4.Eta zein da beste arrazoia?
Internet. Nire bezeroa publiko gaztea da, teknologia berrietan jantzita dagoena. Guztia interneten begiratzen du, dendara etortzen da produktuak ikustera eta ukitzera. Zuk azalpen guztiak ematen dizkiozu, internetek ematen ez dizkionak, eta, ondoren, internetez erosten dute, merkeago. Izan ere, online denda batek ez ditu denda fisiko batek dituen gastuak. Pertsona bat bere etxean egon daiteke lanean eta edozein bajeratan produktuak izan. Denda fisiko batek, aldiz, zentroan egon behar du kokatuta, alokairu altuak ordaindu behar ditu, zerbitzu asko ordaindu… Bezeroek informazioa gurean eskatzen dute eta gero, interneten erosi. Ez dira konturatzen zure denborak dirua balio duela.

5.Interneterako apustua egitea soluzio bat izan daiteke?
Sartu beharra dago, eta nik ere egin dut. Sare sozialetan aktiboa naiz, dendaren informazioa jartzen dut, produktuena, eskaintzena… Horretaz gain, web orria daukat eta outleta saltzen dut bertatik, aurreko denboraldietako gauzak, prezio merkeagoetan. Hori oso ongi doa. Baina egungo produktuak online saldu nahiko banitu egunak ez lidake emango: denda atenditu, web orriko eskariak jarraitu, prestatu, paketeak prestatu, dendan lan egin, etxean… Online kontuen ardura eramango lukeen pertsona bat kontratatu beharko nuke eta zenbakiek, orduan, ez lukete emango. Horretaz gain, komertzio fisikoen prezioek ezin dute inoiz online enpresa baten prezio berberak izan, guk gastu gehiago ditugulako. Hortaz, beti egongo da prezio merkeagoak dituen online denda bat.  

6.Kontsumitzaileak ohartzen gara honetaz guztiaz?
Kontziente gara baina berdin zaigu. Nik zerbait erosi nahi dut, azalpenak behar ditut, dendara noa, dena azaltzen didate eta gero merkeagoa dagoen tokian erosten dut, nire poltsikoa zaindu behar dudalako. Eta berdin zait beste guztia. Hori da gaur egun bizi garen gizartearen oinarria. Soilik gureari erreparatzen diogu. Produktua merkeago lortzeko egin beharreko guztia egiten dugu. Hori bai, enpresari batek bere lantegia Txinara eraman nahi badu, hango soldatak merkeagoak direlako, hori oso gaizki iruditzen zaigu. Eta egunerokotasunean gauza bera egiten ari gara.

7.Baina egongo dira bezero onak direnak ere, komertzio txikietan erosten dutenak.
Bai, bezero onak ditut, asko erosten didatenak, baina gutxi dira. Nire dendaren ezaugarriengatik gutxi irauten dute, 3 urte inguru. Bezero ertain gehiago beharko nituzke. Gero, bezero txikiak daude, erosketa handia kanpoan egiten dutenak edo gauzak uzten dietenak eta nirera txikikeriak erostera etortzen direnak: txupeteak, edalontziak… Azken errekurtsoko dendan bilakatzen zara, baina zurea inbertsio handia izan duen denda da.
8.Eta azkenean ixtea erabaki duzu.
Azken unera arte eusten saiatu naiz. Duela bi hilabete produktua erosi nuen, ez dut denda hiltzen utzi. Elkartearekin borroka egin dut, ekimen asko egin ditugu, hamaika bileratan egon naiz… baina ezinezkoa izan dut, motibazioa ere galdu dut eta denda itxi beharrean aurkitu naiz. Orain likidazioan jarri ditut gauzak.

9.Altsasuko Dendari Elkartean sartuta egon zara hasieratik. Garrantzitsua da elkartean egotea?
Denda zabaldu dutenetik egon naiz Altsasuko Dendari Elkartean eta hiru aldiz izan nahiz presidentea. Sakanakoan ere aritu naiz. Uste dut bakoitzak bere aldetik ez dugula ezer egiten eta udal, mankomunitate eta Nafarroako Gobernuaren aurrean ahots bat izan behar dugula. Izugarri inplikatu naiz eta uste dut lan handia egin dugula gure komertzioak sustatzeko: sentsibilizazio kanpainak, sariak, stock azoka, Nafarroako Gobernuarekin Gabonetako kanpaina sustatzeko iragarkia egin genuen, telebista eta komunikabide guztietan ikusi dena…

Dendariek herrian antolatutako ekitaldiak sustatzen laguntzen dugu eta herriak bizirik mantentzen ditugu. Baina une honetan gauzak oso beltz ikusten ditut. Datuak hartuta, enpresa handiek, Zara, Mediamarket eta halakoek, komertzioko lanpostuen %10 sortzen dute soilik, eta salmenten %85 lortzen dute. Gainera, ez dute bertan dirua uzten, kanpoan ordaintzen dituzte zergak, langile gutxi dituzte eta baldintza kaxkarretan. Komertzio txikiek lanpostu gehienak sortzen dituzte eta bertan ordaintzen ditugu zergak. Zer pentsa eman beharko liguke horrek.

10.Ez dira garai onak dendari txikiendako, beraz.
Nik nire egoera ikusten nuen baina denda itxi behar dudala jakin denean dendari asko etorri zaizkit euren egoera ez dela batere ona esatera. Askok gastu finkoak ordaintzen dituzte eta ez dute gehiagorako ateratzen; beste batzuk jubilatu arte eutsi nahi diote; badaude langileak kaleratu ezin dituztenak ere, indemnizazioei aurre egin ezin dutenak… drama asko dago, baina badaude gauzak ongi doazkien dendariak ere.

11. Eta hau nola konpontzen da?
Hezkuntza eta kontzientziazioa, ez dago besterik. Sentsibilizazio kanpaina asko egin ditugu, bezeroari arreta ona egiten diogu, erosketak ere etxeetara eramaten ditugu, ezin duenari kanpoko ordutegietan zabaldu diogu denda… baina horrek ez du bueltako erantzunik. Bestetik, dendan ditugun produktu guztiak guk erositakoak dira. Hornitzaileek produktuak deposituan utziko baligute eta saltzen duguna bakarrik ordainduko bagenu, ez genukeen horrenbesteko stocka izango eta produktu berri gehiago izango genituzke. Horrek aurrera egiten lagunduko liguke. Baina, egun, guztia erosi behar dugu.
Horren gizarte hotzean eta indibidualizatuan gaude, norbera berera doa… egoerari buelta ematea oso zaila ikusten dut. Ez dugu esaten guzti-guztia herrian erosi behar dugunik. Egun batean Decathloneko jertse bat eraman dezakezu, baina beste batean Txikitxon edo Joselenen erositakoa. Baina uste dut krisiarekin hasi ziren ohiturek bere horretan dihardutela eta erosteko modua aldatu dela. Eta banago belaunaldi oso baterako gertatuko dela aldaketa.