Hamar gaztetik lauk noizbait alkoholaren eraginpean gidatu dute, eta hamarretik batek beste droga batzuk hartu ondoren gauza bera egin du.
Datu hauek Mapfre eta FAD (Droga menpekotasunen laguntzarako Fundazioa), 16- 30 urte arteko gazteekin egindako ikerketa batetik atera ditugu, estatuko 1000 gazterekin hitz egin ondoren.
Ikerketarekin jarraituz, gazteen erantzunaren arabera, %38´7k onartzen dute edan ondoren autoa hartu dutela, eta beste % 10´2k, beste droga batzuk kontsumituta gidatu dutela.
Datu hauek ez datoz bat gazteek adierazten dutenarekin. Zehazki, gehiengoak dio sustantzien eraginen eta arriskuen berri eta gaiaren gaineko informazioa badutela. Arazoa da ezagutza dutelarik ere, gero erabaki arriskutsuak hartzen dituztela.
Inkestek diotenaren arabera, gazte askok onartzen dute gidaria edanda zegoen auto batean igo direla edo cannabis eta marihuana kontsumitu duten gidarien autoan noizbait joan direla.
Egoera honetan, beharrezkoa da ideia bat lau haizetara zabaltzea: alkohola edo beste droga batzuk hartu badituzu, ez gidatu.
Datuak argiak dira oso; estatuan gertatu diren istripuen %52tan gidariak positiboa eman zuen alkohola edo beste droga batzuetan.
Beste aldetik, trafiko kanpainak direla eta, isun eta santzio purrustada bat egon da. Baina zentzu honetan isunak eta kontrolak ez dira nahikoak, benetako aldaketa heziketa eta sentsibilizazioarekin etorriko da bakarrik, desegokiak diren jarrerak eta portaerak aldatu ahal izateko.
Ulertu behar da oso arriskutsua dela edan edo drogak hartu dituen gidari baten autoan igotzea. Europako zenbait herrialdetan ideia hau oso barneratuta dute gazteek zein helduek, gizarte osoak.
Gure zonaldean gazteen artean zabaltzen ari da azken ideia hau, eta urtetik urtera gehiago dira jaibusa edo taxia festa baten ondoren etxera bueltatzeko erabiltzen dutenak. Egoera batzuetan autoa baino desegokiagoa dela uste duten arren, eskerrak eman behar dizkiegu jaibusa erabiltzen eta estimatzen duten gazteei. Beste behin, gazte zein heldu, guztiak arduraz jokatu eta bizia arriskuan jarri ez dezaten animatu nahi ditugu. Finean, gauza bat ulertu behar dugu behingoz, arazoa ez dela puntuak kentzea edota isuna jasotzea; arazoa, zure bizia eta besteena arriskuan jartzea da.