Tourra du helburu Movistarrek

Guaixe 2016ko urt. 28a, 10:01

Asteazkenean egin zuen aurkezpena, Madrilen, Jose Luis Arrieta eta Imanol Erbitiren taldeak

Asteazkenean egin zuen aurtengo denboraldiaren aurkezpena Movistar Team taldeak, Madrilgo Telefonicako egoitzan. Ekitaldi garrantzitsuan “aurreko urteko ilusioarekin” jarraitzen dutela berretsi zuen taldeko manager nagusi Eusebio Unzuék, eta aurtengo helburu nagusiena “Nairo Quintanarekin Frantziako Tourra irabaztea” dela.

Duela gutxi hasi zen 2016ko txirrindularitza denboraldia, Australiako Tour Down Under probarekin. Atzetik San Luis Tourra etorri zen, Nairo Quintanaren anaia Dayerrek irabazi zuena. Lehendabiziko garaipena, beraz, Movistar taldearendako. Tamalez, bideko-zulo baten ondorioz erorikoa izan zuen Adriano Malori taldekideak eta Argentinako ospitale batean dago italiarra, buruko lesio batez osatzen. Litekeena da aurtengo denboraldia galtzea.

Movistar tropeleko talderik beteranoena da. Aurten, Unzuéren taldeak seigarren urtea egingo du Movistar Team izenarekin. 27 txirrindulari ditu aurten taldeak –6 baja izan ditu eta 5 alta–, Nairo Quintana eta Alejandro Valverde buru direla. 2015ean denboraldi bikaina egin zuen Movistarrek, baina 2016an helburu horiek gainditzea eta “Quintanarekin Tourra irabaztea” da taldearen helburua. “Denboraldi honetarako genituen ilusioak berritu ditugu. Talde bikaina sortu dugu, zentzu guztietan, eta txirrindularien progresioak erakusten du helburu garrantzitsuena, Tourra, lortzeko aukerak baditugula. Munduko talderik onena izaten jarraitzea ere nahiko genuke, baina hori ez da hasierako xedea” nabarmendu zuen Eusebio Unzuék. Azken hiru urtetan World Tour txapelketako talderik onena izan da Movistar. Valverderen helburua, berriz, Italiako Giroa da. “Giroa orain ez badut egiten ez dut sekula egingo. Ez naiz inoiz joan eta uste dut aurten momentua dela” adierazi zuen Valverdek aurkezpenean. Eta Vuelta ere taldearen beste helburu bat da.

Quintanak eta Valverdek talde bikaina dute alboan bere helburu horiek gauzatzen laguntzeko. Tartean egongo da, beste behin, Imanol Erbiti. Hiriberriko txirrindulariak 32 urte dauzka eta Unzueren konfiantzazko gizonetako bat da, talde gizon bikaina. Aurten bere 12. denboraldia egingo du Erbitik profesional moduan, eta denboraldi horiek guztiak talde berberarekin egin ditu, egun Movistar taldea dena.

Bestalde, Movistarren staffean Jose Luis Arrietak jarraituko du. Uharte Arakilgo txirrindulari ohia Movistarren zuzendari preziatuenetariko bat da.

Mallorcako Challengea
Gaur hasiko da Mallorcako Challengea, igandean despedituko dena. Bertan World Tour mailako 9 talde, profesional kontinental mailako 6 talde, Rural Kutxa-Seguros RWA taldea tartean, kontinental mailako 4, Odriozolaren Euskadi Basque Country Murias taldea tartean, Inglaterrako selekzioa eta Espainiako Pista selekzioa ariko dira. Movistar Team taldearekin ariko direnen artean Imanol Erbiti dago.