Hau da Robe Iniestaren (Extremoduro taldearen abeslaria) lehen bakarkako diskoa, 2015eko ekainaren bederatzian argitaratua izan zena.
Bere azkeneko lan honetan bost musikari hauekin lan egin du Robek. Baterian Alber Fuentes, David Lerman baxua, saxoa eta klarinetea jotzen, Alvaro Rodriguez Barroso pianoa, teklak eta akordeoiarekin, Lorenzo Gonzalez ahotsa eta Carlitos Perez biolinarekin.
Aldaketa handia ikus dezakegu disko honetan Extremoduroko diskoekin alderatzen badugu. Musikak ez du zer ikusirik, bere taldeak duen indarra mantentzen du musikak baina beste estilo batekin; rocka alde batera utzi eta aire klasikoagoetara jo du Robek bere bakarkako lana aurkezteko orduan.
Estilo guztiz ezberdina erabiltzen du baina, lehen esan bezala, indarra nabaria da, hau lortzeko musikaren bolumena eta intentsitatearekin jokatzen du. Kanta bat lasai hasi daiteke, baina, bat batean crescendo baten ondoren indar handia hartzen du kantak, berriro ere bere bukaeran lasai amaitzeko.
Aldatzen ez den gauza bat Roberen letrak dira. Poesia idazten du, eta Extremoduro-ren abestien estiloa jarraitzen du. Robek berak esanda, “abesti hauek Extremoduroko abestiak izateko ahalmena dute, baina oso ezberdinak izango lirateke”. Beraz, disko honetan Robek erabiltzen dituen metaforak, anaforak eta beste hainbat irudi literario aurkitu ditzakegu.
Diskoaren zortzi abestiak entzuterakoan, poema luze baten sentsazioa ematen du. Poema hori zatitua izan da diskoaren formatua gordetzeko, baina poema luze baten itxura har dezake.
Samina, pesimismoa eta plazeraren bilaketa etengabea dira, beste askotan bezala (Extremodurorekin) aurkituko ditugun gaiak. Extremoduroren abestietan erabiltzen diren figura batzuk ere aurki ditzakegu: eguzkia, udaberria, loreak, etab. Baina kontuan izan behar da Robe Iniestaren diska bat dela, eta honek idazteko estilo propioa duela.
Disko osoa Youtuben dago entzugai, Spotifyn ere eskuragarri dago. Beraz, letra landuak eta zorrotzak gustukoak baldin badituzue bertatik pasa eta entzun ezazue diskoa.