Eguerdian lan bilera egin zuten Tania Ganboak (Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen elkartea), Alfonso Nuñezek eta Daniel Torrentek (Bidelagun turismo elkartea), Iker Manterolak (Sakanako Garapen agentea), Maitane Ezkutarik (turismo eta merkataritza zuzendari nagusia), Margarik Cuelik (antolaketako, turismoko eta merkataritzako zuzendaria) eta Patxi Saenzek (gobernuaren herrialdearen mendebalderako turismo teknikaria).
Bilera horretan sakandarrek, zeinek bere arloan, orain arte egindakoaren, egungo egoeraren eta haien ikuspuntuen berri eman zieten gobernuaren ordezkariei. Haiek, bestalde, dituzten egitasmoen berri jakinarazi zieten. Sakandarrek azken horien jarrera ona nabarmendu ziguten.
Arratsaldean bilera irekia egin zen eta 30 bat pertsona elkartu ziren. Administrazioaren aldetik han ziren Irañeta, Uharte Arakil, Arbizu, Etxarri Aranatz eta Altsasuko udal ordezkariak, baita Unanuko kontzejukoak ere. Haiekin batera, Bidelagun elkarteko eta Sakana eta Altsasuko dendari elkarteetako kideak eta Enneco, haritzaren memoria parkeko arduradunak ere.
Bilera horretan merkataritzak bizi duen egoera “larria” nabarmen gelditu zen. Merkatal gune handien eragina eta denda txikiek duten garrantziaren inguruan jendarteak duen kontzientzia eskasa. Gobernuko ordezkariek turismo arloan Sakanan egindako lana eta izandako pentsaera aldaketa aitortu zuten. Sakana marka bere basoen aberastasunarekin lotuta egon zitekeela aipatu zen. Elkarlana eta ibarrean duguna ezagutzea; horren kontzientzia hartzea. Horiek izan zen gehien azpimarratu ziren ideiak.