Ostegunean Santa Agedari kantatzera

Guaixe 2016ko ots. 4a, 08:00

Kopla ezagunak kantatzera aterako dira sakandarrak.

 

“Zorion etxe honetako denoi, oles egitera gatoz…”. Sakandar gutxi egonen da Santa Ageda kopletako hasiera, behintzat, ez dakienik. Ostegunean, Santa Ageda bezperan entzungo ditugu aipatu koplak, herri gehienetan arratsalde eta iluntzean kantatzera aterako baitira sakandarrak, erritmoa laguntzeko makilaren laguntza dutela.

Irurtzun
Aizpea, Irurtzungo euskaltzaleen topaguneak 18:00etan jarri du hitzordua Santa Ageda bezperan. Plazan elkartuko dira kantatzera animatuko diren irurtzundarrak. Trikitilariak alaituta kalez kale ibiliko dira eta ibilbide horretan hainbat geldialdi eginen dituzte koplak kantatzeko. Ibilbidea Barazkiguneko karpan bukatuko da, 19:00ak edo 19:30 aldera. Han azken kantuak abestu ondoren txistorra-jatea izanen da.

Irañeta
Irintarrak ostegunean 18:30ean dute hitzordua jarrita. Behin abesbatza osatuta, Irañetan barna koplak kantatzen ariko dira. Gainera, baserritarrez jantzita joateko deia egin dute. Santa Ageda ospakizunei segida ihoteek emanen diote.

Lakuntza
Arratsaldean eskola eta ikastolako haurrak aterako dira Santa Ageda koplak herrian barna kantatzera. Puska biltzea egingo dute, arratsaldeko meriendarako. Bestalde, iluntze aldera eta kriseiluak eskuan, Lakuntzako abesbatza izango da auzoz auzo Santa Ageda kantatzera aterako dena. Eskean bildutakoarekin afaria egingo dute.

Etxarri Aranatz
Etxarri Aranazko abesbatza eta Etxarri Aranazko musika eskolako neska-mutikoek, instrumentuak eskuan, Santa Ageda koplak kantatzera aterako dira Etxarriko kale nagusietatik barna. Bukatzerakoan udalak prestatutako txokolate goxoa dastatuko dute estalopean.

Altsasu
Altsasuko musika eskolako fanfarrea, eskolania eta ikasleak Santa Ageda koplak kantatzera aterako dira 18:00etan musika eskolatik. Herrian barna kantatzen ariko dira, ordu bat inguru, eta ondoren ikasleek musika eskolan merienda izanen dute. Bestalde, Erkudengo Ama eta Altsasuko jubilatu elkarteko abesbatzak ere Santa Ageda martiriaren koplak kantatzera aterako dira iluntzean.