Merkataritza eta turismoa, zure eguneroko langaietako batzuk.
Sakanako Plan Estrategikoan (SPE) bi arlo horien arteko elkarlana oso garrantzitsua ikusten dugu. Nafarroako Gobernu berrian zuzendaritza beraren menpe jarri dituzte bi arloak. Aukera ikusi genuen bi arloetan lan egiten duten Bidelagun, SDOZ eta ADE elkarteetako kideak mahai baten bueltan bildu, eta pixka bat, elkarren berri izateko. Elkarteek orain arte egindako lana Nafarroako Gobernuari azaltzeko. Eta, bestetik, aurtengo egin nahi diren gauzak, asmoak, arazoak… transmititzea. Bestalde, Nafarroako Gobernuak etorkizunerako zein asmo dituzten azaltzea. Asmo horien guztien artean elkarlan bat nola gauzatu dezakegun aztertu da, denon onura bilatuz.
Sakandarron eta gobernuaren asmoak uztartu daitezke?
Bai. Azterketa bera egiten dugu. Puntu askotan erabat bat egiten dugu. Ez da gauza isolatua. SPE akordio orokorraren barruan dauden beste arlo batzuk dira hauek. Orain arte bi aldeen asmoek bat egiten dute.
Turismoan, gobernuarekin elkarlanean, aurtengo zein asmo?
Gure kabuz aurrera eramaten ari ginen hainbat ekintza txiki Nafarroako Gobernuaren laguntzari esker bultzada izanen dute. Oso garbi dago Albaolarekin eta San Joan baleontziaren berreraikuntzarekin, proiektu horri lotuta, aurten dugula aukera horri bultzada emateko. Donostia aurten Europako kultura hiriburua den heinean, hor aukera bat dugu.
Orain arte Nafarroako Gobernuaren laguntzarik ez dugu izan. Baina orain ikusten dute gure basoei balioa emateko eta turismoari lotuta kalitatezko eskaintza bat sortzeko. Hori martxan jartzeko Eusko Jaurlaritzarekin, Gipuzkoako Diputazioarekin, Donostiako Udalarekin erakundeen arteko zein elkarlan mota abian jarri daitekeen hitz egin dugu. Eta Nafarroako Gobernua proiektu honen bultzatzaileetako bat izan dadin. Elkarlan horretarako prest azaldu dira. Proiektu horrendako bultzada garrantzitsua izanen da.
Horretaz aparte, hainbat gauzaz hitz egin dugu. Done Jakue bide zaharrari bultza emateko bion ikuspuntuek bat egiten dute. Altsasuko Dantzalekuko ibilbidea eta bere inguruan ekintzak egin daitezke. Bernoako galtzada, basotik itsasorako bidea, baleontziari lotuta, hori guztia nola landu. Enneco, haritzaren memoria parkea. SPE garatzeko akordioan jasotzen dira turismoko lehentasun horiek.
Horretaz aparte, hainbat ekintza txiki. Gaur egun dauden ekintzak elkarlanaren bidez nola indartu. Feriak, mendi lasterketak edo beste hainbat izan daitezke.
Baita turismo teknikari baten kontratazioa, ezta?
Orain arte bide interesgarri bat egin da. Baina dinamizazio lanetarako, Sakanako erakargarritasunei forma emateko, nola landu aztertzeko, eragileen arteko elkarlana bideratzeko, proiektuak bulkatzeko… Orain arte gai horietaz ni arduratu naiz, baina horretara espresuki jarriko ltzatekeen pertsona baten beharra ikusten zen.
Nafarroako Gobernuarekin adostuko dugun akordio horretan dago. Akordio horren egituraketa juridikoa zehazteko bilera dugu (atzo). Akordioa nahiko ondua dago. Aurkeztu genien gure puntuz puntukako proposamenari oniritzia eman diote. Gure proposamena malgua zen. SPE, nolabait, moldatzen joan beharko lukeen zerbait bezala proposatu genien. Oso ongi ikusi zuten gobernuan. Adostasuna hasieratik zegoen, lege aldetik forma ematea da kontua orain. Erabateko adostasuna da.
Merkataritzan egoera ez da xamurra.
Ez. Kontsumo moldeak aldatzen ari dira. Neurri batean herritarron kontzientzia falta bat ikusten da. Batek esaten zuen moduan: denda bat itxi arte ez gara konturatzen zein zerbitzu ematen zigun. Bide horretan landu beharrekoak ikusten ditugu, sentsibilizazio eta hezkuntza aldetik. Benetan, balioan jartzeko herrian uzten dugun euro bakoitzak herriko ekonomiari zer suposatzen dion.
Bestetik, turismoari lotuta, beste lanketa bat egin beharko da. Merkataritzan zerbitzu mota asko sartzen dira. Batzuekin turismoarekin lan egin beharko dute, besteekin beste era batera, baina elkarlan hori Nafarroako Gobernuarekin hastea. Helburua da dauden baliabideak horretan lanean jartzea da.
Dagoenari eutsi, baina establezimendu berriei uko egin gabe
Garrantzitsuena momentu honetan dagoenari eustea da. Gogo eta ideia berriekin dagoenak Arbizuko Utzugane zentroan ekintzailetzari buruzko aholkuak emanen dituen Cederna-Garalur du.