Maitena Ezkutari zuzendari nagusiaren bisitaz

Maitena Ezkutari: bai turismoan bai merkataritzan premiazko gauzak daude

Guaixe 2016ko urt. 29a, 09:41

Turismo eta merkataritza zuzendari nagusiak Sakanako merkatarien eta turismo arloko ordezkariekin izandako bileraren inguruko iritzia jaso dugu.

Ardura berria. Lur hartuta?
Lehen hilabeteak kokatzeko izan dira: jendea, lekua… Aspaldi martxan gaude, erabat. Jende askorekin bilera asko izan ditugu. Udazkenean aurrekontuekin hasi behar izan genuen. Horrek lan dezente eskatu zuen.

Orain, aurrekontuak martxan jarri direnean, planifikazioa egiten. Turismo eta merkataritzako legegintzaldi guztirako plan estrategikoak lantzen ari gara. Horrek ez du esan nahi geldi egon behar dugunik. Planifikazioa egin bitartean plan operatiboak ditugu. Esaterako, heldu den astean Turismo Kontseiluaren bilera izanen da. Deialdi zirriborroak, aurtengo planifikazioa, plan estrategikoaren egutegia eta ekintza guztiak sektoreari aurkeztuko dizkiogu. Bestalde, aurtengo ekintzak, lizitazioak, lehiaketak eta martxan jartzen ari gara.

Sakanako turismo arloko eragileek zein premia jakinarazi dizkizute?
Asko izan dira. Bai turismoan bai merkataritzan premiazko gauzak daude. Gauzak berehala egin eta martxan jartzeko beharra dagoela. Lan hori batera egiteko beharra ere dago. Urte askotan lan hori ez dela egin nabari da. Orain, badirudi, denbora hori berreskuratzeko halako presa dagoela. Hori nabari da.

Pazientzia pixka bat eskatzea beharrezkoa da. Guk hori dena barneratu beharra daukagu. Sakanako Plan Estrategikoan (SPE) lehentasunak markatuta daude. Lehentasuna horiek aurten hitzarmen batean sartzen dira. Aurten 250.000 euroko konpromisoa hartuta dago. Hitzarmena sinatzeko prozesua martxan dago.

Bestetik, turismo teknikari bat jarri dugu, sektorearekin lan egin dezan. Ekintza bihurtu behar duten behar horiek martxan jarri, aurrekontu bat eman eta aurtengo planifikazioan sartu, gurean eta sektoreak egin dezakeen ekintzetan.

Sakanaz arduratuko den teknikari hori Patxi Saenz da, ezta?
Bai. Nafarroako Gobernuak herrialdea lau zatitan banatu du eta bakoitza turismo teknikari baten ardurapean jarri du. Dagoeneko harremanak izan ditu. Hemendik aurrera sektorea laguntzen eta aholkuak ematen ariko da. Eragile pribatuek, eta udalek gehien bat, dauden egitasmoak bideratzeko edo beste eskualdeekin edo eragileekin sinergiak bilatzeko laguntza behar dutela ikusten dugu. Saenzek horretan laguntzea espero dugu.

SPE eta zuen lan ildoak erabat uztartuta daude, beraz?
Bai. Azken urteetan Sakanan egin den lana oso garrantzitsua da. Lan bateratua izan da, jende askok parte hartu du. Orain gure planifikazioan garbi utzi behar dugu eta aurtengo ekintzak zehaztu. Aurrekontu aldetik ez da urte oso interesgarria. Garapen arloan diru gehiegirekin ezin dugu kontatu. Horregatik, aurten lehentasunak jarri behar dira. Hitzarmen hori hainbat urterako izanen da eta, aurrera begira, beste gauza batzuk sartuko ditugula ikusten dugu.

Merkataritza arloa larri dabil.
Oso larri. Hori garbi daukagu. Hemen entzun duguna beste eskualde askotan entzun dugu. Nafarroa osoko elkarteekin egon gara. Dauden arazoak egiturazkoak dira. Garbi esanda, guk laguntza eman behar dugu. Gehien bat  kanpainak eta komunikazio aldetik. Hezkuntza ildo bat izan behar duela ikusten dugu. Herrian dendak izatea bizia izatea da; jendea horrekin sentsibilizatu behar dugu. Horren esanahia txikitatik umeei eta gurasoei erakutsi behar zaie. Hor herriak bizirik segitzeko aukera bat dugu.

Gaurko topaketaren ondoren, berriak etorriko dira?
Guk egin behar ditugun plan estrategikoetan, turismo arloan gehienbat, eskualdeak bisitatzea da asmoa. Sakanako hau hortik apartekoa izan da. Sakanakoa berezia delako eta nolabait ibarreko egoerari bultzada ematen ari garelako.