Kontratazioaren bilakaera 2015ean

Guaixe 2016ko urt. 29a, 08:34

Joan den urtean kontratazioak gora egin zuen Sakanan. 2014arekin alderatuta 606 kontratu gehiago sinatu ziren. Generoari erreparatuta, kontratuen erdiak baino gehiagok gizonezkoen sinadura izaten jarraitzen du, nahiz eta 2015ean emakumezkoek sinatutako kontratuak %1,18 egin zuen gora.

Azken bi urteetan sinatutako hamar kontratuetako bederatzi baino gehiago aldi baterakoak dira, zehazki %94,47 joan den urtean. Hasieratik mugagabe diren kontratuak %2,6 izan dira azken bi urteetan. Urte batetik bestera 1,18 puntu gora egin dutenak mugagabe bihurtu diren kontratuak dira. Hala ere, sinatutako 7.878etatik %2,89 besterik ez ziren izan 2015ean.

Zerbitzuen sektorean aritzeko dira sinatutako kontratuen erdia baino pixka bat gehiago, %52,46. Industriarako dira sinatutako bigarren kontratu kopuru handiena: %44,53, joan den urtean 3,36 puntu igo ondoren. Eraikuntza sektorean kontratazioek 2,25 puntu behera egin zuten joan den urtean Sakanan, kontratuen %2,6. Abeltzaintzarako lan kontratuak gutxienekoak izaten segitzen dute eta 2015ean, gainera, 0,59 puntu jaitsita, kontratuen %0,41 besterik ez zen.

Sakanan sinatutako kontratuak Nafarroan sinatutako guztien %2,32 izan ziren 2015ean, aurreko urtean baino %0,15 gutxiago. Nafarroan urte batetik bestera kontratazioa 15,31 puntu igo zen 2015ean.