Bardoak 2016

Sakana bardo taldeak lanera

Guaixe 2016ko urt. 29a, 11:07

Etxarriarrak gaur Berriozarren ariko dira eta altsasuarrak etzi Lesakan.

Bardoak, Nafarroako taldekako bertso ekimenak bigarren asteburua izanen du honakoa. Parte hartzen ari diren bi talde sakandarrak bertsotan ariko dira asteburuan. Bardoak ekimenean estreinako saioa dute Einnekin talde etxarriarrekoek. Eneko Lazkoz, Saats Karasatorre, Oier Lakuntza, Joseba Beltza eta Unai Artieda dira taldea osatzen dutenak. Haiek gaur, 20:00etan, Berriozarko Taupaka gaztetxean izanen den bertso merenduan parte hartuko dute. Parean Barañaingo eta Berriozarko bertsolariek osatzen duten Hiru garabardo eta pintxo bat taldea izanen dute. Hau da, Sarai Robles, Mikel Lasarte, Ainara Ieregi eta Manex Mailharin.

Eta larunbateko estreinaldiaren ondoren, bigarren eta azken saioa du Altsasuko Bota lasai taldeak (Aitziber Grados, Amets Artieda, Aritz Goikoetxea, Idoia Granizo, Ekain Alegre eta Joxema Leitza). Lesakako Unibertsolariak taldearekin saioa izanen dute Arrano elkartean, igande eguerdian. Azken talde hori honako bertsolariek osatzen dute: Josu Sanjurjo, Jose Juan Zubieta “Etxabe”, Jon Silveira eta Iban Garro. Saioaren aurkezleak Garazi Conde eta Ainara Etxabide izanen dira.