Gazte arbizuarra autoak harrapatuta hilda

Guaixe 2016ko ots. 1a, 11:56

Auto gidariak ezbeharraren lekutik ihes egin zuen.

SOS Nafarroak atzo, 6:00ak aldera, jaso zuen deia: Etxarrin, Eragan, errepidean auto batek harrapatutako eta hildako baten gorpua zegoen. A.J.R. 19 urteko gazte arbizuarra zen hildakoa. Etxarriko kinto ospakizunetatik etxera bueltan oinez zihoazen beste gazte arbizuar batzuen deia zen. Hildakoa ordu bat lehenago Etxarrin zegoen.

Eragara joan zen Etxarri Aranazko osasun etxeko medikuak heriotza ziurtatu zuen. Gorpua anbulantzian Lege-Medikuntzako Nafarroako Institutura eraman zuten, autopsia egiteko. Foruzaingoak ikertu zuen ezbeharra eta hura argitzeko arrastoren bat eman dezaketen herritarrei laguntza eskatu die.

Etxarri Aranazko alkate Eneka Maiz Ulaiarrek gertatutakoa larria zela eta argitzea espero zuela adierazi zuen. Familiari elkartasuna adierazi zion, Juan Antonio Extremera PPko zinegotziak bezala.