Lagun Arteak Etxarri harrapatu du: biek 31 puntu dituzte

Guaixe 2016ko ots. 1a, 12:20
Lagun Arteak lau garaipen lortu ditu jarraian eta Etxarrirekin puntutara berdinduta dago.

Preferente maila. 18. jardunaldia: Etxarri Aranatz 1 – Castillo Tiebas 1 / Lagun Artea 2 – Beti Casedano 1

Denboraldi hasiera bikaina izan zuen Etxarri Aranatzek eta lider izan zen hainbat jardunaldietan, baina Gabonetako oporren ondoren gorriak ez dabiltza batere fin. Asteburuan bana berdindu zuten Castillo Tiebasekin. Aldiz, Lagun Arteak alderantzizko ibilbidea egin du: ez zen oso ongi hasi, baina urte berriarekin 4 garaipen lortu ditu jarraian Lakuntzako taldeak eta asteburuan Beti Casedanori 2 eta 1 irabazi eta gero dagoeneko bosgarrena da sailkapenean, laugarrena den Etxarrirekin puntutara berdinduta.

Etxarri eta Castillo Tiebas parez pare aritu ziren San Donato futbol zelaian. Azken jardunaldietako zori txarra atzean uzteko asmoz atera ziren zelaira etxarriarrak eta gol aukerak sortu zituzten, baina baloia ez zen kontrako atean sartu. Bigarren zatian ongi ibili ziren etxarriarrak, baina ez zuten aparteko arriskurik sortzen. Hain justu arerioa gehien estutzen ari zirenean Castillo Tiebaseko De Migelek gola sartu zuen, 78. Minutuan. Etxarrik ez zuen partida galdutzat eman eta Josebak berdintzea lortu zuen azken unean, 92. minutuan, eta gutxienez puntu bat eustea lortu zuen Etxarriko taldeak.

Lakuntzan, aldiz, sufritutako garaipena lortu zuen Lagun Arteak Beti Casedanoren kontra. Partida oso borrokatua izan zen hasieratik bukaerara. Lehen zatia oso lehiatua izan zen eta atsedenaldia baino lehen 1 eta 0 aurreratu zen Lagun Jonathan Davilak sartutako golari esker. Bigarren zatia hasi eta berehala Asier Salgadok Lagun Artearen aldeko bigarren gola sartu zuen. Lagunek beste aukera batzuk izan zituen, baina ez zuen asmatu. 63. minutuan Betik gerturatzea lortu zuen Asier Aguerrik sartutako gol bati esker. Zorionez, lakuntzarrek ongi defendatzen jakin zuten eta hiru puntuak Lakuntzan geratu ziren.

Laugarrena eta bosgarrena, puntu berberekin
Preferente mailako liderra Gares da (40 puntu). Etxarri Aranatz laugarrena da (31 puntu) eta Lagun Artea bosgarrena, puntu berberekin (31 puntu). Asteburuan 28 punturekin seigarrena den Bidezarra izango du aurkari Etxarri Aranatzek. Aldiz, Burlatan jokatuko du Lagun Arteak, 23 punturekin hamargarrena den Burlades taldearen kontra.