Nara Japoniako hiri oso ezaguna da, behin Japoniako hiriburua izan zena. Kansaiko eskualdean kokatua, Japoniako irla handienaren hegoaldean, 350.000 biztanletik gora bizi da bertan. Tenplu ugari ditu eta antzinako ohiturak mantentzen saiatzen dira, hori baita turismoa erakartzeko duen gaur egungo aitzakia.
Narako tenplu ederrenek 1998. urtean gizon-emakume guztien ondare titulua jaso zuten Unescoren eskutik. Besteak beste, Hōryū-ji, Tōdai ji, Kōfuku-ji, Santuario Kasuga, Gangō-ji, Yakushi-ji, Tōshōdai-ji eta Heijōko jauregiko aztarnek ere.
Baina Nara famatua egin da, batez ere, tenpluen inguruan oreinak libre bizi direlako, turisten artean korrika. Sika familiako mila oreinetik gora, babestuta hazi eta bizi dira tenpluen inguruan, eta honela, jendea erakartzea lortzen dute otoitz egitera, edo gutxienez, txanpon batzuk saskian uztera.
Negozio ederra egin dute beraiekin. Jakina da Japonian edozein aitzakia aproposa bilakatzen dela kontsumismoa bultzatzeko. Oreinen marrazkia duen arropa, oreinen itxura duten amuletoak eta apaingarriak, jakiak, liburuak, kapelak… denetarik aurkitu daiteke Naran.
Gainera, bertan zaudela, oreinei jaten emateko litxarreriak ere saltzen dituzte, normalean gailetatxo gaziak. Turistak oreinak erakarri eta ukitu ditzake txanpon batzuen truke, parke tematiko batean bezala.
Narako biztanleek dituzten tradizioen artean, 00 urtez mantendu dena, Shika no Tsunokiri dugu: orein arren adarrak moztea, alegia. Oreinen ongizatea mantentzeko sortu zen tenplu batek egiten du, udazkena iristean. Oreinen ugaltzeko denboraldian beroan sartu eta arriskutsu bihurtu daitezke. Udazkena da adarrak gogortu eta zorrozten diren denboraldia, eta orein arrek borroka egiteko erabiltzen dituzte. Gainera, eraikuntzen kontra igurtziz, zorroztu eta garbitu nahian, txikizio ugari sortzea ere arrunta zen.
Udaberrian, adarrak galdu egiten dituzte modu naturalez –arrek bakarrik–, eta udazkenean bertan gatibu bizi diren orein arrei adarrak mozten dizkiete. Ixiltasun eta errespetu handiz monjeek egiten duten erritoa da Shika no Tsunokiri. Hasieran, kaleak itxi eta bertan egiten zen, publikorik gabe. Baina jendeak, ikusteko gura ezin asetuz, etxeetako teilatuetara ere igotzen zen eta egoera arriskutsuak sortzen ziren.
Gaur egun zona pribatu batean egiten da, ia osotasunean, baina egun zehatz batean hiru oreinen adarren mozketa publikoarekin egiten da, jakinmina, errespetua eta tradizioaren oreka mantenduz. Adarrak moztu ondoren, tenpluko Kami edo jainkoari eskaintzen zaizkio, salmentan jarri aurretik. Oreinei etekina ateratzeko beste modu bat.