Bardoak 2016

Gure bardoak bertsotan

Guaixe 2016ko ots. 3a, 10:15

Bardoak, Nafarroako taldekako bertsolaritza ekimenaren barruan, bigarren asteburuan Berriozarko Taupada gaztetxean izan ziren Etxarri Aranazko Einnekin taldekoak, Joseba Beltza, Unai Artieda eta Saats Karasatorre. Berrizozar-Barañaingo Hiru garabardo eta pintxo bat  taldearekin (Ainara Ieregi, Sarai Robles, Mikel Lasarte eta Manex Mailharin bertso-neurketa izan zuten. Eta guztiaren lekuko 40 bat bertsozale. Saio arina eta umoretsua izan zen, ikuslegoaren algarak piztu zituen bertsoaldi ugarirekin. Etxarriarrek ekimenean lehen parte hartzea zuten eta haiek eskuratu zuten puntu irabazlea.

Igandean, berriz, Lesakako Arrano elkartean aritu ziren bertako Unibertsolariak (Josu Sanjurjo, Iban Garro, Jon Silveira eta Joxe Juan Zubieta “Etxabe”) eta Altsasuko Bota lasai (Joxema Leitza, Ekain Alegre, Idoia Granizo eta Aitziber Grados) taldeak neurtu ziren. Eguerdian izandako saioaren lekuko 40 bertsozale izan ziren. Etxeko taldeak lortu zuen puntu irabazlea. Bota lasaik bere bi saioak jokatu ditu eta Altsasun eskuratu zuen puntua. Heldu den asteburuan jakinen du aurrera egiten duen Bardoak ekimenean.

Heldu den asteburuan Bardoak ekimenaren lehen faseko azken saioak jokatuko dira. Bost hain zuzen ere. Eta haietako bat Etxarri Aranatzen jokatuko da. Einnekin taldeak Barakinak taldearen (Ander Perez, Lizar Aleman, Jon Arrizibita, Pablo Perez) bisita hartuko du gaztetxean, larunbatean, 18:00etan.