Suhiltzaileek eta foruzainek Beaumonti lankide gehiago eskatu dizkiote

Guaixe 2016ko ots. 5a, 08:17

Langile premia guztiz aseko ez duen lan eskaintza publikoa deitu bitartean Iruñekoen errefortzuak izan daitezke konponbidea.

Presidentzia, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia kontseilari  Mª Jose Beaumont Altsasun egon zen astearte arratsalde-iluntzean. Nafarroako suhiltzaile parke eta Foruzaingoaren polizia etxeetan barna egiten ari den bilera errondaren barruan kokatzen da. Beaumontekin batera, Barneko zuzendari nagusi Agustin Gastaminza, Foruzaingoaren buru Torcuato Muñoz eta Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendari Victor Rubio izan ziren.

Beaumontek azaldu zigunez, “hasieratik garbi nuen egin beharra nuela. Topatu nuen dokumentazio guztia irakurtzeari eta nik barne zuzendari nagusi eta Foruzaingoko eta suhiltzailetako zerbitzu buruetarako aukeratu nituenak esaten zidatenari entzuten utzi gabe, ez da gauza bera zuri gauzak kontatzea edo jendea zuzenean entzutea. Nik jendea zuzenean ezagutu nahi nuen. Zuzenean haien arazoen berri izan nahi nuen. Aldi berean, ni ezagutu nazatela nahi dut. Argi utzi dugu hau lehen hartu-emanerako erronda dela”.

Altsasun lehenik suhiltzaileen parkean izan ziren eta, ondoren, polizia-etxean. Bateko eta besteko kideei garaiz jakinarazi zitzaien Beaumount kontseilaria eta bere lantaldea noiz etorriko ziren bisitan. Beaumontek jakinarazi duenez, “guk ez dugu inolako baldintzarik jarri. Bisitak antolatu genituen eta toki guztietan eguneko operatiboan zeudenak eta lanean ez zeudenak ere etorri dira”. Bilerekin “oso pozik” zegoen Beaumont: “jendeak luze eta zabal azaldu ahal izan dituzte sufritzen eta pairatzen ari diren arazoak, zuzenean”. Entzundakoak, lantaldearekin, “Nafarroako larrialdiek, suhiltzaileak eta Foruzaingoak, dituzten premien inguruan gobernuari planteamendu zuzenagoak eta sinesgarriagoak egiten laguntzen digu”.

Eskaera eta konponbideak
Altsasuko foruzainek eta suhiltzaileek Beaumonti langile gehiago izatea eskatu dizkiote. “Bi kolektiboen eskaera hori konstante bat da. Baina Altsasun, agian, intentsitate gehiagorekin. Lurralde handia hartzen dute eta langile premia handia dago. Lan eskaintza publikoari itxaron gabe konponbideren bat bilatu behar dugu”. Aurtengo konponbidea Iruñetik etorritako errefortzuak izan daitezkeela aipatu digu kontseilariak.

Beaumontek azaldu zuenez, lan eskaintza publikoa deitzeko asmoa dute, “baina aurtengo deialdian sartu ahalko dugun foruzain eta suhiltzaile plaza kopurua ez dugu zehaztu”. Estatuak deialdia ez errekurritzeko, bermeekin eta segurtasunarekin egiteko, Nafarroako Gobernuak estatuarekin plaza kopurua zehaztu beharra du. Aurreko gobernuaren plantilla dekretua errekurritu zuen eta halakorik errepikatzea ez dute nahi. “Nahiko genuke, baina, horregatik ezin izanen dira departamentu guztien eta nire menpeko bi kolektibo hauen beharrak bete ahal izanen. Denak entzunez, sindikatuak barne, ahalik eta gehien asmatzen saiatu behar dugu, lan eskaintza deialdia zehazteko”.

Horrek aurtengo arazoak ez dituela konponduko argi du kontseilariak, lan eskaintza eginda ere, hautatutako pertsonak 2017ra arte ezin izanen dutelako lanean hasi. Horregatik, jendearekin aurtengo bestelako konponbideetan pentsatzen ari dira.


Kamineroen etxeak
Beaumountek Guaixeren bidez jakin zuen kamineroen etxeak izandako bi etxebizitza bloke hutsik daudela eta Altsasuko Udalak aurretik han etxegabeen aterpea kokatzeko eskaera egin izan duela. Gobernuan gaiaz hitz eginen dutela gaztigatu zuen.