Lagun Arteak Etxarriri aurreratu dio: Laugarrenak dira lakuntzarrak eta seigarrenak etxarriarrak

Guaixe 2016ko ots. 8a, 12:23
Lagun Artea laugarren postura igo da.

Preferente maila. 19. jardunaldia: Burlades B 2 – Lagun Artea 3 / Bidezarra 3 – Etxarri Aranatz 1

Preferente mailan azken jardunaldietako joera errepikatu zen. Etxarri Aranatzek ez zituen hiru puntuak eskuratu, eta, aldiz, bosgarren garaipena segidan lortu zuen Lagun Arteak. Egun, Lagun Arteak Etxarri gainditu du preferente mailako sailkapenean: laugarrenak dira lakuntzarrak eta seigarren postura jaitsi dira, aldiz, etxarriarrak.

Burlatan jokatu zuen Lagun Arteak. 13. minuturako Burlades aurreratu zen, baina lakuntzarrek ez zuten behera egin. Guztiz kontrakoa, behetik gora egin zuten eta jokaldi arriskutsuak sortu zituzten. Horrela, atsedenaldia baino lehen bana berdintzea lortu zuen Anderrek. Bigarren zatia hasi eta berehala Burladesek bigarren gola sartu zuen, baina 79. minutuan Anderrek bina berdindu zuen. Lakuntzarren atezainak, Orriok, geldialdi bikainak egin zituen, Burladesen zorigaiztorako. Eta partida berdinketarekin bukatuko zela zirudienean, 95. minutuan Urkok garaipenaren gola eman zion Lagun Arteari eta Lagunek 3 puntuak Lakuntzara ekarri zituen.

Noainen Bidezarrak 3 eta 1 irabazi zion Etxarri Aranatzi partida entretenigarri eta lehiatuan. Bi taldeak parez pare ibili ziren eta bukaera arte edozeinek irabazi ahal izan zuen. Haizeak gogor jo zuen eta goitik behera baldintzatu zuen partida. Etxarriri haizearen kontra jokatzea tokatu zitzaion lehen partidan eta ongi moldatu ziren gorritxoak. 11. minutuan Goikoetxeak Etxarri aurreratu zuen, baina Bidezarrak berdintzea lortu zuen. Bigarren zatian Bidezarrak jokoa hobetu zuen eta partidaren jabetza lortu zuen. 80. minutuan bigarren gola sartu zuen Bidezarrak eta partida bukatzear zegoela, hirugarrena.

Gares da preferente mailako liderra (40 puntu). Lagun Artea laugarren postura igo da (34 puntu) eta Etxarri Aranatz gainditu du. Etxarriarrak seigarrenak dira orain (31 puntu). Asteburuan Lagun Arteak sailkapenean 13.a den Berriozar hartuko du igandean Zelai Berrin eta Etxarri Aranatzek sailkapenean 10.a den Mutilberaren kontra jokatuko du San Donato futbol zelaian.