Baionako eta Bilboko karriketan oraindik aditu daiteke urtarrilaren 9ko manifestazioko oihuen oihartzuna. Gure senide presoen eta iheslarien eskubideak urratzen dituen espetxe politika amaitzeko aldarriak argi eta ozen ailegatu ziren Madril eta Parisko Gobernuen belarrietara berriz ere. Baina, denbora tarte txikia pasatu da politika horretan epe motzean funtsezko aldaketarik gertatuko den esateko; eta, hala ere, urte hasiera hau gertakariz beterik etorri zaigu: alde txarrak eta onak; ohiko gertakari latzak, baina inoiz ez ohitzekoak; eta ohi ez bezalako erabakiak, pozaz baina zuhurtziaz hartu beharrekoak.
Olga Comes bisitatzera zihoala haren lagun batek istripua izan zuen Leongo bidean Euskal Herritik atera baino lehen. Nafarroa eta Errioxa arteko mugan, atzetik jo zuen beste auto batek eta ospitalera eraman zuten zaurituta; baina, zorionez, ez zen larriago izan. Etxeratek lan egiten du dispertsioak sortu dituen 16 hildakoak gatazkaren biktima gisa aitortu ditzaten. Istripuz hil ziren, baina istripuak euskal presoen senide eta lagun zirelako gertatu ziren. Karmele Solaguren Ekain Gerraren ama zelako hil zen duela 12 urte, eta otsailaren 18an, haren oroimenezko ekitaldia eginen dute. Berriz ere inoiz gerta ez dadin, dispertsioaren 16 biktimen aitortza behar dugu.
Nafarroatik atera gabe, bertako Parlamentuak istripua salatu du, zaurituari eta presoaren gertukoei elkartasuna adierazi die eta salbuespen espetxe politikak gaitzetsi ditu, presoen sakabanaketa eta urruntzea barne, eta horiek bertan behera uzteko eskatu dio Espainiako Gobernuari. Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere ildo beretik doan adierazpena onetsi dute.
Espainiako Auzitegi Nazionalean ere ohi ez bezalako jokabidea erakutsi dute fiskaltzak eta epaileek, Askapenako auzipetuei absoluzioak emanez froga faltaren argudioan oinarriturik; zenbat euskal preso ez ote ziren kalean egonen Auzitegi horrek argudio bera aplikatu izan balie. Gure aldetik esan pozgarria dela jakitea auzipetuek haiek saihestu dutela, eta haien senideek etxean izanen dituztela. Arestian esan bezala pozaz baina zuhurtziaz hartu beharreko erabakiak eta epaiak dira.