Sakanako Kopa jaso dute

Guaixe 2016ko ots. 10a, 10:37

Sakanako XII. Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Sariak banatu ziren ostegunean. Izaskun Beunza eta Sergio Garcia de Eulate izan dira txapeldunak

Atletismoa sustatu eta Sakanako atletismo probatan korrikalari sakandarren parte hartzea bulkatzeko sortu zuen Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak Sakanako Atletismo Kopa. 2015ean Sakanako Atletismo Koparen XII. edizioa izan zen, eta aurreko urteetan bezala Lasa Kirolak laguntzailea denez, Lasa Kirolak Saria izena ere hartu zuen probak. Sari ematea ostegunean, otsailaren 4an burutu zen, Altsasuko Lasa Kirolak dendan.

Bost probek puntuatzen zuten XII. Sakanako Atletismo Saria-Lasa Kirolak Sarirako: Iturmendin jokatutako XII. Aitzkozar herri krosak (maiatzak 30), Ziordiko II. Herri Krosak (ekainak 7), Ergoienako XII. Birak (irailak 19), Sakanako XV. Herri Lasterketak (urriak 24) eta Altsasuko Barricarteren XXXV. Oroimenezko Oinezko Lasterketak (abenduak 8). Sakanako 10 onenek puntuatzen zuten, gizonezkoetan eta emakumezkoetan, eta gutxienez 4 probatan parte hartu beharko zen.

Emakumezkoetan Izaskun Beunza altsasuarrak bildu zituen puntu gehien, Ginesa Lopez altsasuarraren eta Maite Zabaleta etxarriarraren aurretik. Gizonezkoetan Sergio Garcia de Eulaterendako altsasuarrarendako izan da Kopa, Raul Audikana olaztiarraren eta Iban Gonzalez urdiaindarraren aurretik. Lasa Kirolak dendan egindako sari ematean lehendabizikoek 80 euro jaso zituzten kirol materialean, bigarrenek 60 euro kirol materialean eta hirugarrenek 40 euro kirol materialean. Bestalde, Koparako baliagarriak proba guztietan parte hartu zuten korrikalarien artean –Izaskun Beunza, Iban Gonzalez eta Sergio Garcia– saria zozketatu zen, bi pertsonendako gau bat eta gosaria Lizarragako Bentan, eta Izaskun Beunza izan zen zorteduna. Sari ematea borobiltzeko mokadutxo bat hartu zuten bertan bildutako guztiek.

Sakanako XII. Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Saria
Emakumezkoak:
1.Izaskun Beunza Azazeta
2.Ginesa Lopez Cid
3.Maite Zabaleta Gomez

Gizonezkoak
1.Sergio Garcia de Eulate Maia
2.Raul Audikana Arrese
3.Iban Gonzalez Barroso

www.sakana-mank.com
Sailkapen osoa begiratzeko.