LABek zerbitzu sozialen defentsan sinadura bilketa eginen du

LABek zerbitzu sozialen defentsan sinadura bilketa eginen du 2016ko ots. 15a, 08:30

Etxarri Aranatz, Irurtzun eta Altsasuko azoketan sinadura jasoko ditu Gaur, bihar eta etzi, 11:00etatik 13:00etara. Hezkuntza eta Osasun sistemaren pareko izanen den gizarte zerbitzu publiko eta unibertsalen beharra aldarrikatu du.

LAB sindikatuak zerbitzu sozialen defentsan zaintza zaindu kanpaina abiarazi du. Sakanako hiru ibar buruetako azoketan, enpresetan eta hainbat gunetan sinadura bilketa eginen du. Jasotako babesak Hego Euskal Herriko bi gobernuei aurkeztuko dizkiete, hiru eskaerarekin batera. Batetik, adinekoen, adin txikikoen eta aniztasun funtzionala dutenen zentroetan plantillak handitzea. Bestetik, arreta integrala eskaintzea posible izan dadin, administrazioei profilen eta funtzio profesionalen hedapena berma dezatela. Eta, azkenik, langileen, erakunde sozialen eta erabiltzaileen parte-hartzea, zerbitzu sozialetako langileen beharrekin loturiko ebaluazio, kudeaketa eta erabakietan. Azken finean, Sakanako LABeko arduradun Gaizka Uhartek azaldu digunez, “bizitzan, eta hamaika zergatirengatik, gizarte-laguntzen beharra izan dezakegu. Administrazioak bermatu behar du eskubide hori, onuragarriak eta hurbilak diren zerbitzuak eskainiz”. Uhartek gaztigatu duenez, “gizarte zerbitzuen egoera oso kezkagarria da. Gizarte laguntzaren eskariak erruz gainditzen du eskaintza”. LABeko kideak azaldu digunez, “lehendik ahulak ziren gizarte zerbitzuek gaina jo dute ekonomia- eta gizarte-krisialdiagatik. Eskatzaileen kopurua igo egin da eta beharrak, premiak handitu”.

Ondorioak
Uhartek azaldu duenez, “egun gizarte zerbitzuak eredu neoliberalaren arabera eratzen dira. Administrazioek zerbitzuak murriztu dituzte, eta era berean, erakunde pribatuen esku uzten ari dira, eta beraz, horiek irabazi-interesak nagusitzen dira, zaintzaren kalitatearen kaltetan”. Irabazien beharrak prestakuntza txikiagoko langileak kontratatzea, haiek gero eta lan baldintza kaskarragoak ezartzera, gero eta eskasagoa den zerbitzua eskaintzera. “Gizarte zerbitzuetako lan baldintzek ezinezko egiten dute laguntza egokia eskaintzea”, adierazi du Uhartek.

LABeko kideak azaldu digunez, “profesionalen eta zaindu beharreko pertsonen arteko proportzioak adierazten digu lanaren gainkarga dagoela, eta ondorioz, bidera ezina da zaintza pertsonalizatua izatea. Baldintza horietan gizarte zerbitzuetako langileek egin behar duten ahaleginaren ondorioz haien osasunak txarrera egiten du”. Josefina Arregi klinikako eta Aita Barandiaran egoitzako langileen artean lanarekin zerikusia duten gaixotasunek gorantz egin dutela esan du.