Lo egiteko arazoak sarriak dira pertsona adinduengan. Faktore askok izan dezakete eragina loaren kalitate edo kantitate aldaketetan:
• Adina.
• Zahartzearekin bat agertzen diren aldaketa fisiologikoak.
• Gaixotasunak (bihotzeko hutsegiteak, gaixotasun kronikoen erruzko minak, arnas-arazoak…).
• Botikak, alkohola, tabakoa.
• Estresa, antsietatea, depresio moduko faktoreak…, lo egiten den tokiaren beraren ezaugarriak: argia, zarata…, bizimodua, txandakako lana, pixa egiteko jaiki beharra…
Pertsona edadetuen loa ez da gazteena bezain sakon eta etenaldi gabekoa. Lo hartzea gehiago kostatzen zaie eta goizago jaikitzen dira. Denbora gehiago pasatzen dute ohean lo egin gabe. Pertsona adinduak gaueko 3 edo 4 aldiz esnatzen dira, nahiz eta osasuntsu egon. Lo pasatzen duten denbora mantentzen da edo arinki murrizten da (6,5-7 ordu gaueko).
Lo onerako higiene neurriak:
• Oheratzeko eta jaikitzeko ordu finkoa mantendu, asteburuak eta oporrak barne.
• Jende askori esne epelak logalea suspertzen dio, izan ere, lasaigarri baten antzekoa den aminoazido natural bat dauka.
• Kafeina eta teina daukaten edariak ez hartu (kafea, tea, “cola” edariak eta txokolatea), gutxienez, oheratu baino 3 edo 4 ordu lehenago.
• Bazkaldu ondorengo siesta 30 minutukoa baino motzagoa egin.
• Logelan tenperatura epela mantendu eta argi eta zarata maila baxuak izan.
• Ohean honako jarduera hauek ez egin: telebista ikusi, irakurri, irratia entzun.
• Lo egin baino 2 ordu lehenago ez egin ariketa bizirik, ez erabili ordenagailurik edo ez ikusi telebistan programa bortitzik.
• Arratsaldetan ariketa arinak egin.
• Alkoholak eta tabakoak kalte egiten diote loari.