Etxarri berpiztu da

Guaixe 2016ko ots. 15a, 12:34

Hainbat jardunaldi irabazi gabe egon ondoren, garaipen potoloa lortu zuen Etxarrik.

Preferente maila. Etxarri Aranatz 4 – Mutilbera 0 / Lagun Artea 0 – Berriozar 1

Hainbat jardunaldi irabazi gabe egon eta gero, Etxarriko zaleek gustura ospatu zuten taldearen garaipen potoloa. Izan ere, Etxarri Aranatzek 4 eta 0 irabazi zion Mutilberari. Bi taldeak parez pare aritu ziren hasieran, baina 10. minututik aurrera Etxarrik dominatu zuen. Gentzak eta Josebak sartutako golei esker 2 eta 0 aurreratu zen Etxarri atsedenaldia baino lehen. Bigarren zatian Mutilberak izan zuen baloiaren jabetza, baina ez zuen apenas arriskurik sortu. Etxarrik baloiaren jabetza hartu zuen eta Xabatek penaltiz, hirugarrena sartu zuen 68. minutuan. Bi minutu beranduago atzera ere Xabatek asmatu zuen Mutilberaren atean. 4 eta 0 irabazita, aspaldiko partez garaipenaz gozatzeko aukera izan zuten etxarriarrek.

Aldiz, 5 jardunaldi jarraian irabazi ondoren igandean Lagun Arteak ezin izan zituen igandean jokoan zeuden 3 puntuak eskuratu, Berriozarrek Lakuntzako taldeari 0 eta 1 irabazi baitzion Zelai Berrin jokatutako partidan. Lehen zatian parez pare aritu ziren bi taldeak, baina Lagun Arteak dominatu zuen. Bigarren zatiko lehen minutuetan bikain jokatu zuen Lagun Arteak eta gol aukerak izan zituen, baina ez zuen asmatu. Berriozar jokalari bat gutxiagorekin geratu zen, baina lakuntzarrek ez zuten egoera aprobetxatzen jakin eta jokoan ataskatu ziren. Bisitariek agoantatu zuten eta bukaera aldera, 90. minutuan, partidako gol bakarra sartu zuen Berriozarrek. Partida gogorrean, 3 tantoak ihes egin zuten Lakuntzatik.

Gares da preferente mailako liderra (41 puntu). Etxarri Aranatz bosgarren postura igo da (34 puntu) eta Lagun Artea gainditu du. Lakuntzarrak seigarrenak dira, puntu berberekin (34 puntu). Asteburuan jaitsiera postuetan dagoen Beti Casedanoren kontra ariko da Etxarri Aranatz eta Lagun Arteak 27 punturekin zortzigarrena den Beriain izango du arerio, Beriainen.