Urbasara eskiatzera!

Guaixe 2016ko ots. 17a, 11:18

Beharrezko baimenekin eta eskakizun guztiak beteaz prestatu dute ibilbidea Urbasa-Andia Ipar Eski Taldekoek. Argazkia: Arzelus.

Igandean ipar eski ibilbidea antolatu du Mank-ek Otxoportillon. Autobusa 8:30ean abiatuko da Altsasuko Suhiltzaileetatik

Elurra egin duela aprobetxatuz, ipar eski ibilaldia antolatu du Sakanako Mankomunitateak igandean Urbasan, Urbasa-Andia Ipar Eski Lagunak taldearen laguntzarekin. Zehazki, Otxaportillo pistatik barnako ibilbide ez lehiakorra izanen da, 3 ordu ingurukoa, Urbasako elurtutako paraje bikainetatik barna. Antolakuntzak asegurua egingo die partaideei eta ibilbidera txakurrik ez eramateko deia egin dute.

Egunotan Otxaportilloko pistatik abiatuta Mendarterarte ipar eskian aritzeko 5 km-ko pista prestatu dute Urbasa-Andia Ipar Eski Lagunak taldekoek. Makinekin elurra prestatu eta seinaleztapena jarri dute, parke naturala denez, beharreko baimenekin eta eskakizun guztiak beteaz. Prestatzeko eremua errespetatzeko deia egin dute.

Izena ematea
Otsailaren 19ko 14:00ak arte, Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan (948 464 866, kirolak@sakana-mank.com) edo egunean bertan autobusean. Prezioa: 8 euro.

Elurbusa, elurretara joateko garraio zerbitzu berria
Ipar eski ibilbidearekin batera, Elurbusa zerbitzua mustu du Mank-ek igandean. Finean, Urbasara elurraz gozatzera igo nahi dutenei garraio zerbitzua eskaini nahi die Mank-ek, ipar eski ibilbidea antolatu dutenez, kontratatu duten autobusaren zerbitzua aprobetxatzeko. Elurbusa goizeko 8:30ean eta 10:30ean abiatuko da Altsasuko suhiltzaileetatik igandean, eta 12:30ean eta 14:00etan itzuliko da Altsasura, Urbasako kanpinetik abiatuta. Prezioari dagokionez, Arkangoa tabernan, Izara dendan eta Mank-en aurretik izena emanda Elurbusaren joan-etorriak 3 euro balioko du, eta izena ematen dutenek, gainera, oparien zozketan parte hartuko dute. Eta egunean bertan Elurbusara igotzen direnek 2 euro ordaindu beharko dituzte Urbasara igotzeko eta beste horrenbeste jaisteko.