2 sakandar Rural Kutxa-Seguros RGA talde amateurrean

Guaixe 2016ko ots. 17a, 12:27

Odei Juango lakuntzarrak taldean segituko du eta Eneko Aramendia iturmendiarrak Burunda klubetik Rural Kutxara egin du salto. Alberto Mazkiaran altsasuarrak jarraituko du zuzendaritza lanetan.

2016 denboraldia hasi berri den honetan, Rural Kutxa-Seguros RGA talde profesional kontinentalaren eta talde amateurraren aurkezpenak egin zituzten aurreko ostegunean Burlatan. Juan Mari Guajardo speaker altsasuarrak gidatu zuen aurkezpena. Talde profesionalean 19 txirrindulari ariko dira Eugenio Goikoetxea eta Josemi Fernandezen aginduetara, eta denboraldi ona egitea eta Vueltan parte hartzea izango dira euren helburu nagusiak. Pello Bilbao, Jose Conçalves, Carlos Barbero, Eduard Prades eta Angel Madrazo izango dira lasterketak lortzeko hautagai nagusiak, David Arroyo, Sergio Pardilla eta Luis Mas beteranoekin batera. Egunotan Murtziako Itzulian eta Almeriako Klasikoan ariko da Rural Kutxa profesional taldea.

Talde amateurrari dagokionez, hiru zuzendari izanen ditu taldeak: Alberto Mazkiaran altsasuarra, Ruben Martinez eta Iban Latasa. Floren Eskisabel altsasuarrak jarraituko du presidente lanetan. Euren aginduetara 21 txirrindulari izanen dituzte, bi sakandar tartean: talde berdean jarraitzen duen Odei Juango lakuntzarra eta Burunda klubetik datorren eta bertan emaitza bikainak lortu dituen Eneko Aramendia iturmendiarra. Eneko Aramendiak Nafarroako Erlojupeko Txapelketa irabazi zuen 2015ean, makina bat proba irabazi zituen, Nafarroako selekzioarekin aritu zen eta eta Iruñeko Itzuliko lehen nafarra izan zen, besteak beste.

Taldeak hainbat fitxaje berri egin ditu, Euskadi Fundazioko Jon Irisarri tartean. Ampotik Ander Alonso dator, Infisport taldetik Sergio Rodrigez eta, horretaz gain, Aitor Rodriguez eta Burunda Txirrindularitza Klubetik Rural Kutxara salto egin duen Eneko Aramendia iturmendiarra iritsi dira taldera. Migel Indurainek, Josu Zabalak, Iker Azkaratek eta Odei Juango lakuntzarrak taldean jarraituko dute, eta horiekin batera Antonio Potelak, Alain Santamariak, Xavi Canellasek, Manuel Solak, David Seagek, Erlend Sortek, Isaac Cardonek, Carlos Cobok, Pablo Benitok, Bryan Carrok, Pablo Alonsok, Jacobo Uchak eta George Jarik osatzen dute taldea. Helburua ahalik eta lan onena egitea izango da, bereziki Euskaldun eta Lehendakari Torneoetan eta Espainiako Kopan. Proiektu sendoa “egonkortzea” da taldearen helburua.

Taldeak bikain hasi du denboraldia, Jon Irisarrik Gipuzkoako Pista Txapelketa irabazi baitzuen eta Sanroma Memorialean podiumera igo baitzen.
Nobedade moduan, Rural Kutxak emakumeen taldea atera du. 15 txirrindularik osatuko dute taldea.

Rural Kutxa-Seguros RGA talde afizionatuko txirrindulariak
Pablo Benito, Ander Alonso, George Jary, Iker Azkarate, Pablo Alonso, Carlos Cobos,  Antonio Portela, David Segae, Brian Carrlo, Xavier Cañellas, Manuel Sola, Migel Indurain, Isaac Carbonell, Aitor Rodriguez, Jacobo Ucha, Josu Zabala, Erlend Sor, Sergio Rodriguez, Jon Irisarri, Odei Juango lakuntzarra eta Eneko Aramendia iturmendiarra.