Nafarroako garapen ekonomikoko kontseilaria, Manu Aierdi, Sakanako eragile batzuekin bildu berri da. Lehenik, Sakanako Enpresarien Elkartearekin, eta gero, berrogeita hamar enpresari inguru, garapeneko zenbait eragile eta hainbat herritako ordezkarirekin. Enpresariek argi jarri dituzte euren beharrak mahai gainean, denera, lau eskaera zuzen egin dizkiote Gobernuari, denak ere jada Sakanako Plan Estrategikoaren barne bilduta daudenak: lanbide heziketa hobetzea, azpiegitura egokien beharra, interneterako sarbide hobea eta elektrizitatea. Azken horrek hautsak harrotu ditu Sakanako zenbait herritarren artean. Antza denez, elektrizitate beharra dute Sakanako lantoki, enpresa eta industria-guneek. Diote, ez dela behar besteko energia iristen euren lantegietara. 200.000 watteko potentzia duten lineak Sakana alderik alde zeharkatzen du eta horrek nahikoa indar du bailaran dauden argindar beharrak asetzeko. Kontua da, egungo sarearen egoera txarra dela, bai kableen egoera bai dorreen egoera bera. Ados gaude egungo sarea hobetu behar dela, duen potentzialtasuna ondo aprobetxatzeko eta bailarak dituen behar energetikoak asetzeko. Gabezi hau aprobetxatuz, batzuk tentazioa izan dezakete tentsio altuko linearen beharra justifikatzeko. Gauzak argi uzte aldera zera esan, tentsio altuko lineak ez du energiarik uzten bailaran. Ezer utzi ez eta kendu egiten digu eremu ezberdinetan: Gipuzkoa eta Nafarroa artean egin asmo den tentsio handiko linearen proiektuak 127 kilometroko autobide elektrikoa da eta 85 dorre ditu, baina Sakana zeharkatu baino ez luke eginen. Elektrizitatea garraiatu baino ez luke eginen. Zonaldean energiarik utzi gabe, bestelako eraginak sortuko lituzke: espezie babestuei zuzen-zuzenean eraginen lieke eta milaka zuhaitz moztu beharko lirateke.
Gurutzatuko lituzkeen herrien etorkizuna kolokan jarriko luke. Lehen sektorea soilik ez, turismoa eta ekoizpen ehuna bete-betean hondatuko lituzke autopista elektriko horrek. Osasun eraginak ere izanen lituzke, oraindik balizkoa den ibilbide horretatik zenbait udalerri autobide elektrikotik 500 metrora baino gutxiagora geratuko liratekeelako. Tentsio Handiko Linearen Aurkako Plataformatik argi dugu lehen eskaera bat: jar itzazue gauzak argi eta azal iezaiezue egitasmoa behar bezala herritarrei. Alarma eta zarata sortu aurretik aurrera eraman nahi diren proiektuen berri jartzea oinarrizkoa da. Bien bitartean, plataforman ari gara informazioa zabaltzen eta horrek izan du erantzunik: oraingoz, 14.000 helegite jarriak daude egitasmoaren kontra eta kaltetutako berrogei udaletako 174 hautetsi eta 247 eragile ere atxiki zaizkio manifestuari.