Hondakindegia ixteko lanek Mank-en aurrekontua atzeratu dute

Guaixe 2016ko ots. 19a, 08:50

Kamioiak hondakindegitik sartu-irteten.

Europak hala eskatuta hondakindegi guztiak itxi behar dira. Sakanako Mankomunitateak 2010ean aurkeztu zuen proiektua, Toki Administrazio Departamentuak onartu zuena. 1,2 milioi euroko inbertsioa zen egitekoa baina departamentuak dirurik ez zuenez bertan behera gelditu zen.

Nafarroako Gobernu berriak hondakindegiak ixteko lanari heldu dio eta Arbizukoa ere tartean dago. Mank-eko ordezkariak joan zen urtean hasi ziren Nilsa enpresa publikoko, Ingurumen eta Toki Administrazioko Departamentuarekin bilerak egiten. Lehenengoarekin proiektua gauzatzek, bigarrenak baimena emateko eta, azkenak, finantzatzeko.

Mank-eko buru Aitor Karasatore Mugurutzak esan digunez, egungo hondakindegia itxi, lixibiatuak jasotzeko gunea iragazgaitz bihurtzea eta likido horiek Arbizu-Lakuntzako araztegiraino eramatea litzateke asmoa. “Departamentuaren laguntza %80koa bada ere Mank-ek jarri beharrekoa dirutza da eta hura zehaztu arte ez dugu aurrekonturik onartuko”.

Hondakindegia
Mank Nafarroako Hondakinen Partzuergoan sartu zenetik hondakindegian soilik industria hondakin bizigabe ez arriskutsuak botatzen dira. Mank-ek halakoendako gune berri bat sortu nahi du, ibarreko enpresek zortzi urte gehiagoz Arbizun hondakinak bota ahal izateko. “Haiei zerbitzu bat eskaintzea da, kanpora eraman behar ez izateko”.