Correscales, prekarietatearen kontrako lekukoa partekatzen

Guaixe 2016ko ots. 19a, 10:03

Herenegun Bilbon hasi eta astelehenean Bartzelonan bukatuko da korrika prekarioa. Bi hiriak lotuko dituzte justizia eta duintasunaren alde borrokatzen dutenen bizipenen arteko konplizitateak saretuz. Irurtzundik gaur, 18:10ean, pasako da.

 

Joan den urtean Telefonica-Movistarrerako lan egiten zuten langileek 75 eguneko greba egin zuten. Prekarietatearen eta injustuak diren bizi baldintzen kontra; oparotasunaren izenean bakar batzuk baliabideak pilatzearen kontra egin zuten greba. Orduan jasotako babes eta indarra eskertu nahi dute teknikariek eta makina bat erakunderen laguntzarekin, Correscales ekimena aurkeztu dute, marea urdin bat izan nahi duena.

Bilbo eta Bartzelona arteko 800 km-ko lasterketa, 80 lekuko aldaketa bost egunetan. Horrekin batera, 80 egunetako crowfundinga, gutxienez 94.250 euro lortu nahi dituena. Diru hori erresistentzia kutxa baterako bideratuko da, “azpikontraten kateetan daudenak eta lan prekarietate handia dutenek arrazoi ekonomikoengatik haien eskubideen alde greba egiteari utz ez diezaioten”. Horregatik, lan prekarietatea sentitzen duten langileek ekimenarekin bat egin eta “burua altxatzeko” eskatu dute. “Borrokarako aukera bat eman nahi diegu”.

Correscales ekimenak ere kolektibo, mugimendu, erakunde eta pertsonen arteko konplizitateak lortzeko erabili nahi dute. Aldi berean, aldarrikapen eta salaketa lasterketarekin bat egiteko deia egin dute. Hainbat arlokako borrokek elkar laguntzea nahi luketela adierazi dute antolatzaileek.

Teknikariek salatu dute CCOOk eta UGTk Telefonicaren kontratekin lortutako akordioak ez direla onuragarriak izan, 60 kaleratze egon direla eta greban izan zirenekin zerrenda beltzak osatu dituztela. Batzarretan antolatuta, elkarri laguntzen, telefoniako teknikariek urteetan inposatutako banaketa gainditu zuten.