Herri kirolen txanda

Guaixe 2016ko ots. 19a, 11:01

Aurreko urtean Altsasuk hartu zuen jardunaldietako bat.

Igandean hasiko dira, Iruritan, Nafarroako Herri Kirol Jokoa. Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastoletatik prestatutako taldeak lehiatuko dira bertan

Igandean hasiko dira Nafarroako Herri Kirol Jokoak Iruritako pilotalekuan, 11:00etatik aurrera. Txapelketako lehen jardunaldia egonen da jokoan. Guztira 4 jardunaldi jokatuko dira eta ondoren final handia, martxoaren 20an, Berriozarren. Nafarroako Herri Kirol Jokoak Sakanara ere etorriko dira, 3. jardunaldia, martxoaren 6an, Etxarri Aranatzen edo Arbizun jokatuko baita. Ororbiak eta Larraintzarrek hartuko dituzte beste jardunaldiak.

Nafarroako Herri Kirol Jokoak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuarekin batera antolatzen ditu, urtero, Nafarroako Herri Kirol Federazioak. Herri kirolak sustatzea eta herri kirolekin neska-mutikoek ongi pasatzea da helburua. Hiru kategorietan banatuta aritzen dira neska-mutilak: kimuen mailan (11-12 urte), haurren mailan (13-14 urte) eta kadeteen mailan (15-16 urte). Taldeak mistoak izan ohi dira.
Kimu mailakoak, txikienak, proba konbinatuko txapelketan aritzen dira soilik – koxkol biltzea, zaku lasterketa, txingak eta korrika–. Haur eta kadete mailakoak, ordea, proba konbinatuetan aritzeaz gain –aurrean aipatutakoei trontza gehituta–, sokatira txapelketan aritzen dira ere.

Andra Mari eta Iñigo Aritza
Urtero gora egiten du parte-hartzeak. Aurten 9 klubetatik sortutako 30 talde ariko dira proba konbinatuetan –15 talde kimuetan, 8 haurren mailan eta 7 kadeteetan– eta 13 talde sokatira txapelketan –6 talde haurren mailan eta 7 kadeteetan–. 9 klub horietatik 2 sakandarrak dira. Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolako Kirol Elkartea, bata, eta Altsasuko Iñigo Aritza ikastolako Har Hitza Kirol Elkartea, bestea. Aipatu bi ikastoletan herri kirolak sustatzeko lana egiten da aspalditik. Andra Marik ondoko taldeak sortu ditu: Andra Mari, Ondatz, Beriain, Leziza eta Utzubar, eta Har Hitzak Iñigo Aritza taldeak. Berriozar, Basaburua, Araxes, Ultzama, Igantzi, Baztan Herri-Rugby Kirolak eta Artzanegi dira beste klubak.

Kimuen proba konbinatuan 15 talde ariko dira, Andra Mari, Beriain eta Ondatz eta Iñigo Aritza A eta Iñigo Aritza B tartean. Haurren mailan proba konbinatuan 8 talde lehiatuko dira, Andra Mari, Leziza, Utzubar eta Iñigo Aritza tartean, eta sokatiran 6 talde, Andra Mari, Leziza, Utzibar eta Iñigo Aritza tartean. Bukatzeko, kadeteen proba konbinatuan eta sokatiran zazpina talde lehiatuko dira, Andra Mari, Beriain eta Iñigo Aritza tartean. Ea orain arteko lan bikaina egiten jarraitzen duten.