Aldarrikapenak espetxe atean

Guaixe 2016ko ots. 22a, 18:37

Euskal presoen sakabanaketa bukatzea, gaixo dauden presoen berehalako etxeratzea, egun indarrean diren salbuespenezko legeak eta kolektiboaren aurka erabiltzen diren zigor molde guztiak indargabetzea eskatu zuten larunbatean.

Dueñasko espetxera martxa egin zuten hiru autobusetan Pirinioetako 40 herritarrek eta 110 sakandarrek. Euskal Herria abian, presoak etxera lelopean, euskal preso politikoak preso dauden Espainiako eta Portugalgo 40 espetxetara martxak antolatu zituen ezker abertzaleak. Sakanako martxistek bidean ez zuten kontrolik opatu, nahiz eta espetxe inguruan haietako bat identifikatu zuten.

Martxistek espetxe inguruan kontzentrazioa egin zuten. Ikurrinak eta euskal presoen Euskal Herriratzea eskatuz banderolak erakutsi zituzten. Haietako bat globoen bidez aireratu zuten. Espetxean dauden presoek ateratako ikurrina ikusteko aukera izan zuten eta oihuka komunikatzeko aukera ere izan zuten. Dueñasen Asier Carrera Arenzana etxarriarra dago preso. 18:30ean bueltatu ziren Sakanara.

Arrazoiak
Ezker abertzaleak “guztiz premiazko, urgente eta beharrezko” jo du presoen sakabanaketarekin bukatzea. “Presoen, senideen eta lagunen eskubide urraketa larria delako. Euskal Herriak, kalean eta instituzioetan, gehiengo oso zabalez horixe erabaki du. Demokraziaren errespetu gutxienezkoa aski litzateke, beraz”. Larunbatean espetxe atean adierazi zutenez, “sakabanaketa eskubideen aurkako gerra-makina da, biolentzia helburu politikoekin erabiltzen jarraitzen duena, eskubide asko urratzen dituena”.

Horregatik, presoen eskubide politikoak aldarrikatu zituzten: “preso politikoak direlako, kolektiboak bere burua antolatzeko aukera eta bere parte hartze politikoaren gutxieneko baldintzak bermaturik edukitzeko eskubidea dauka”. Abian prozesuan presoek ere parte hartzea nahi zutela berretsi zuten. Bestalde, EPPK-ko kideek espetxean gaixo dauden presoekiko elkartasuna adierazteko hainbat protesta ekintza egin zituzten joan den astean.