Hasi da herri kirol festa

Guaixe 2016ko ots. 23a, 10:31

Nafarroako Herri Kirol Jokoetako lehen jardunaldia jokatu zen igandean Iruritan. Sakanako taldeak bikain aritu ziren

Iruritak hartu zuen, igandean, Nafarroako Herri Kirol Jokoetako lehenengo jardunaldia. Nafarroako Herri Kirol Federazioak Kirol eta Gazteria Institutuarekin batera antolatzen dituen jokoetan hiru kategorietan banatuta aritzen dira parte-hartzaileak: kimuen mailan (11-12 urte), haurren mailan (13-14 urte) eta kadeteen mailan (15-16 urte). Kategoria guztiak herri kirol proba konbinatuetan aritu ziren, eta horretaz gain, haur eta kadete mailakoak sokatiran ere lehiatu ziren.

Nafarroako Herri Kirol Jokoetako parte-hartzea gora doa urtero. Aurten 9 klubetatik sortutako 30 talde ari dira proba konbinatuetan –15 talde kimuetan, 8 haurren mailan eta 7 kadeteetan– eta 13 talde sokatira txapelketan –6 talde haurren mailan eta 7 kadeteetan–. Tartean daude Iñigo Aritza ikastolatik sortutako taldeak –Iñigo Aritza, Aizkorri eta Urbasa– eta Andra Mari ikastolatik sortutakoak –Andra Mari, Ondatz, Beriain, Andia, Leziza eta Utzubar– daude.

Proba konbinatuak
Kimuen mailako proba konbinatuan 16 talde lehiatu ziren eta Andra Mari izan zen azkarrena (6:44). Sakanako gainontzeko taldeei dagokienez, Urbasa 5.a sailkatu zen (6:58), Andia 9.a (7:07), Beriain 10.a (7:20), Aizkorri 11.a (7:20) eta Ondatz 13.a (7:31).

Haur mailako proba konbinatuan Basaburua gailendu zen lehiatu ziren 8 taldeen artean (9:14). Andra Mari 3.a izan zen (10:08), Leziza 4.a (10:45), Utzubar 7.a (11:40) eta Iñigo Aritza 8.a (12:19). Eta kadete mailako konbinatuan 7 talde aritu ziren eta Basaburua izan zen azkarrena (10:10), Andra Mari bigarrenaren aurretik (10:12). Iñigo Aritza 4.a sailkatu zen (11:57) eta Beriain 5.a (12:13).

Sokatira
Sokatiran haurren mailan (480 kilo) 6 talde lehiatu ziren bi multzotan banatuta. A multzoan Iñigo Aritza izan zen onena (3 puntu), Lezizaren aurretik (2 puntu). Eta B multzoan Andra Mari gailendu zen (3 puntu). Utzubar hirugarrena izan zen (puntu bat). Eta kadete mailan (540 kilo) 7 talde lehiatu ziren, bi multzotan. A multzoan Andra Mari lehena sailkatu zen (3 puntu), Iñigo Aritzaren aurretik (2 puntu). Eta B multzoan Basaburua gailendu zen (4 puntu). Beriain laugarrena izan zen (1,5 puntu).

Igandean, Ororbian
Igandean Nafar Kirol Jolasen bigarren jardunaldia jokatuko da Ororbian, goizeko 11:00etan.