Gozamena eskiekin Urbasan

Guaixe 2016ko ots. 23a, 10:48

Mank-ek eta Urbasa-Andia Ipar Eski Lagunak taldeak antolaketako ipar eski ibilaldian hiru talde aritu ziren

Gure mendietan elurra zegoela aprobetxatuz, igandean ipar eski ibilaldia antolatu zuen Sakanako Mankomunitateak Urbasan, Urbasa-Andia Ipar Eski Lagunak taldearen laguntzarekin. Talde honek astean barna elurra zapatzeko makinekin prestatutako ibilbidea osatu zuten izena eman zuten sakandarrek.

“Igandeko ipar eski ibilaldia luxua izan zen. Urbasak kirol hau egiteko eskaintzen duen leku ederrenetarikoa izanik, eta Altsasuko Mendigoizaleen Urbasa-Andia Ipar Eski Lagunak taldeak elurra zapaltzeko egindako lan bikainari esker, ongi gozatu genuen elurraz. Hiru taldetan antolatuta ibili ginen. Batzuk Otsoportillo pistatik gertu ipar eskiari buruzko oinarrizko ezagupenak jasotzeko aukera izan zuten; beste talde bat Udabe aldean ibili zen eta hirugarrena Eskizan. Oso gustura” nabarmendu du Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak.

Autobus batek Urbasara igo zituen ipar eski ibilaldian aritu zirenak, 8:30ean. Autobusa kontratatua zegoela aprobetxatuta, nahi zuten orok Urbasara autobusez igotzeko aukera izan zuten, 8:30ean eta 10:30ean. Buelta 12:30ean eta 14:00etan egin zuten. Aipatzekoa da asteburuan jende asko gerturatu dela bai Urbasara eta baita Aralarrera elurraz gozatzera –Aralarreko errepidea itxi egin behar izan zuten atzera ere, auto-ilarengatik–.

Bestalde, Amaia Gerrikagoitiak aipatu nahi izan du eski taldeak erosi berria duela elurra zapaltzeko makina eta norbaitek lagundu nahi badie edo eurekin harremanetan jarri,  www.altsasukomendigoizaleak.com web orrira jo daitekeela.