Igandean profesionaletan debutatu zuen Julen Martijak, pilotaren katedraletako batean, Eibarko Astelenan. Etxeberriko 18 urteko gazteak Xala izan zuen bikote, Asperekin kontratua despeditu eta Hegoaldeko frontoiko bere azken partida zuen lapurtarrarekin. Hortaz, emozio bikoitzeko partida izan zen: Xala bezalako txapeldun handi baten agurra eta Julen Martija hasi berriaren ongietorria. Jaialdia zabaltzen zuen partida izan zen, Irujo-Rezusta eta Bengoetxea VI.a-Untoria Binakakoaren partidaren aurrekoa.
Martijak babes handia izan zuen. Arakildik bi autobus abiatu ziren Eibarrera, Etxeberrikoari sostengua ematera. Eta Xalak ere lagun eta pilotari ugari izan zituen alboan bere agurrean, Oscar Lasa eta Aitor Zubieta pilotari eta lagun minak tartean. Lapurtarrak irabazi dituen 3 Binakako txapeletatik bat Lasarekin eta beste bat Zubietarekin izan zen. Emozioz betetako partida izan zen. Hasieran urduri hasi ziren Xala eta Martija, baina pilota mantsoago bati esker partidan sartzea lortu zuten. Bukaeran, eta jokaldi zirraragarriak tarteko, 22 eta 21 irabazi zieten Jaunarenari eta Ceciliori, Astelena zutituta zegoela.