Hauteskundeak errepikatzeko eskatu du Pilota Berria taldeak

Guaixe 2016ko ots. 24a, 08:42
Pilota Berria hautagaitza.

Migel Pozuetak irabazitako hauteskunde prozesua bertan behera uzteko errekurtsoa aurkeztu dute

Otsailaren 17an Nafarroako Pilota Federazioko hauteskundeak egin ziren. Migel Pozuetaren hautagaitzak irabazi zuen, Pilota Berria hautagaitzari alde handia aterata. Baina Pilota Berria taldeak atzo hauteskunde batzordean errekurtsoa aurkeztu zuen, hauteskunde prozesua bertan behera uztea eta hauteskunde berriak deitzeko eskatuz.

Pilota Berria taldeak komunikatu batean adierazi duenez “hauteskundeen emaitzak onartzen ditugu baina errekurtsoa aurkeztera behartuak ikusten gara, prozesuaren hasieratik prozesu argi eta garden baten alde egin dugulako, prozesu legal baten alde, egungo araudia betetzen duena”. Taldeak gaineratzen duenez, “presio, interes eta promesa handiak egon dira, eta beste zenbait kontu, prozesu hau uhertu eta gaiztotu dutenak, eta egungo legediari egokitzen zaion prozesu baten alde egiteko erabaki dugu errekurtsoa aurkeztea Nafarroako Pilota Federazioko hauteskunde batzordeari”. Pilota Berriak onartu duenez, Federazioak ez badu eskaria onartzen errekurritzen jarraituko dute beste administrazio bideetan, hurrengoa Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuan.

Pilota Berriak zehaztu duenez, bi elementu ez dira behar bezala errespetatu azken hauteskundeetan, araudiaren arabera bete beharrekoak zirenak. Batek asanblada orokorraren proportzionalitateari dagokio.  Euren iritziz asanbladaren ordezkaritzak ez du bi estamentuen proportzionalitatea errespetatzen, teknikarien eta epaileen proportzionalitatea, hain zuzen. Eta, bestetik, korreo bidezko botoa emateko beharrezko baldintzak ez direla eman dio Pilota Berriak.

Jon Rovira buru duen Pilota Berria hautagaitzan hainbat sakandar daude, besteak beste Arbizuko Aldabide Kirol Elkarteko Lino Arruti eta Josemari Berastegi eta Lakuntza Kirol Elkarteko zuzendari Ander Lopetegi. Pilotajaukuk eta Sutegik ere hautagaitza hau babesten dute.