Buruari eragitea da ohikoena. Jira eta buelta, aurrera eta atzera. Zalantza.
Hau ongi ote dago ala gaizki? Zera esaten badut, besteak zer pentsatuko du? Ez, ez dut esango, ia hanka sartu eta kritikatzen nauten.
Zer den ona, zer txarra, epaia gertu dela pixkanaka kikiltzen goaz, burua zergatik makurtzen dugun jakin gabe, pentsamenduaren eta izan zitekeenaren beldurraren pisuaz.
Begirada behera eta kea dariola belarrietatik, norberaren pelikularen pantaila da burua, gure muturretik haratago ikusten uzten ez gaituena.
Gure ontziaren, gorputzaren, mandoak eta botoiak hor daude, oinak nora doazen kontrola eta aginduak ere kaskoak ematen ditu.
Gorputza eta buruaren tartean bihotza. Taupa, taupadaka. Zorionez mugimendu hori borondatez haragokoa da, kontrolaren eta epaiaren atzaparretatik kanpokoa.
Kontrakzioa, zabaltzea bi pausutan ematen da, oso sinplea.
Bert Hellingerrek esaten duen bezala, gizakion aukeraketa guztien atzean oinarrizko bi mugimendu besterik ez daude, bizitzarantz ala heriotzerantz eramaten gaituztenak.