Aurki turismo teknikaria izanen dugu

Guaixe 2016ko ots. 25a, 19:53
Bidelagun turismo elkarteko eragileen topaketa.

Sakanako Garapen Agentziako (SGA) administrazio kontseiluak turismo teknikari baten kontratazio prozesua abian jartzea onartu zuen aurreko ostegunean. Deialdia aurki aterako da jendaurrera. Teknikariak Sakanako Plan Estrategikoan (SPE) turismoari dagozkion ekintzak aurrera eraman beharko ditu. Turismoari dagozkion sustapen, koordinazio eta garapen lanez aparte,  kultura, ondarea, kirola, merkataritza eta laborantzako eragileekin ere elkarlana sustatu beharko du. SGAk “gure ondarea oinarri hartuta, turismoa zentzu zabalean lantzeko gaitasuna izanen duen eta eragile ezberdinekin elkarlanean aritzeko gaitasuna duen pertsona bat” kontratatu nahi du.  

Iker Manterola garapen agenteak gogorarazi du Sakanako turismo eragileen “aspaldiko eskaera” dela turismo teknikariarena. Manterolak ziurtatu duenez, “SPEn baitan sortutako dinamikei esker eta 2015ean Bidelagun Turismo elkarteak  Sakanako garapen Agentziarekin elkarlanean egindako bideak, Sakanan turismoa sektore ekonomiko bezala garatzeko oinarriak jartzea ekarri du, eta horrekin etorkizunera ikusten diren aukerak modu egokian gauzatzeko, baliabide gehiagoren beharra ikusi da”.