" Irakurketa eraginkorragoa izaten al da teknika azkarra baliatuz"

Maialen Huarte Arano 2016ko ots. 26a, 08:05

Jaxone Mendiola.

1. Irakurketa azkarreko teknika, zer da?
Irakurketa azkarreko teknika, irakurle ia guztiek duten ohiko irakurketa zaharkitu, guztiz geldo eta ajez jositakoa errotik aldatuz, goi mailako irakurle eraginkor, ulermen jasoko eta abiadura handiko irakurle izatea lortzen duen teknika da. Prakagorrik diseinatu eta sortutako metodologia da. Irakurle eraginkor eta goi mailako izatera bideratutako metodologia.

2. Prakagorrik zergatik ikusi du aproposa lanketa hau?
Metodologiarik gabe ez dago eraginkorra izaterik. Eta irakurketaren esparrura etorrita jarduera profesionalean zein akademikoan denbora asko irakurketari eskaintzen diogu. Hortaz, gure irakurketaren kalitatea, abiadura, ulermen maila eta irakurritakoarekiko izaten dugun arreta eta kontzentrazioa ahalik eta onenak izatea lortu behar dugu.


3. Irakurketa azkar egiten denean, ez da irakurri gabe datu garrantzitsurik uzten?
Gizakiaren burmuinak abiada handian datuak askoz hobeto prozesatzen ditu abiada motelean baino. Hainbat arlotan, gure zoritxarrerako, alderantzizko jarrera eta jarduerak abiarazi eta elikatzen ditugu. Barneratuta ditugun jarduera, ekintza eta jarraibideez hausnarketa sakonik nekez egiten denez, ez da hobera biderik izaten. Irakurketarekin gauza berbera gertatzen da. Adinak gora egin ahala, irakurketan gainbehera.

4. Zergatik ?
Azkar irakurtzen ikasi egiten da eta ikasitakoan, informazioa, datuak eta idatzitakoaren edukia bere osotasunean, goi mailako ulermena izanez, barneratzeko gaitasuna izaten da, inolako daturik bidean galdu gabe.

5. Nola lortzen ahal da abiadura handitzea?
Beste edozein jarduera edota ekintza bezala, ulermen jasoz eta abiada handiz irakurri ahal izateko aldez aurretik etengabeko lan zehatza, sendoa eta sakona egin behar da.

6. Zer onura du irakurketa azkarreko teknika erabiltzeak?
Irakurketa azkarrerako metodologiaren onuretariko batzuk aipatzearren, denbora erruz aurreztea, irakurketa erraza izatea, motibazio handia, ulermen jasoa, arreta eta kontzentrazio mailak nabarmen igotzea, astero gutxienez hiru liburu irakurtzeko gaitasunaren jabe izatea, aberastasun lexiko handia, norbere buruarekiko konfiantza eta nork bere gaitasunekiko erabateko ziurtasuna ditugu.

7. Zertarako izan daiteke baliagarri?
Eguneroko jardunean, ezinbestean, irakurtzea egokitzen zaigu eta errepikatuzko ekintza dugun arren ez gara, irakurketaren arloan behintzat, inolaz ere eraginkorrak. Irtenbidea ez da gauzak betidanik, beste hausnarketarik egin gabe, egiten ditugun bezala egiten jarraitzea.


8. Zein berezitasun du, ohikoa den irakurketa batetik?
Ohiko irakurketa ajez eta eragozpen handiz josita dago. Ulermen jasoko irakurketa azkarraren berezitasunetariko batzuk bere erosotasun ikaragarria, informazioa silabaz irakurri beharrean hausnarketa unitate osoz irakurriz jardutea, irakurgaiaren zailtasunaren arabera abiadura desberdina izateko gaitasuna lortzea, kanpoko eta erdiguneko ikus eremuak zabalduz hausnarketa unitate zabalagoak ikusteko gaitasuna lortzea, motibazioa maila jasoan izatea eta beste. Irakurketari hitzez garrantzia ematen diogu eta ekintzez, kendu.


9. Ikastaroa Etxarrin izanen da.
Martxoaren 8an, 17:30etan, Etxarriko Kultur Etxean Prakagorriren Ulermen Jasoko Irakurketa Azkarra Metodologiaren aurkezpen-hitzaldia izanen da. Hitzaldian, egungo irakurketaren eraginkortasunik ezaz, irakurketa-mailaz, irakurzaletasuna ugaritzeko tresnez, etab. hausnarketa egin, kontzientziak astindu eta irakurle gisa gure ohitura, ulermena eta irakurketa-prozesuen egokitasunaren inguruan jardun eta gogoeta egitea da.

10. Aipatu duzu abiadura handiagoz ulermen maila jasoagoa izaten ahal dela?
Abiadura da irakurketa-gaitasunaren garapenean landu behar den lehendabiziko esparrua. Ulermena hasieran hutsa izaten da eta horrela behar du. Izatez, ulermena maila erosoegian izatea motelegi irakurtzen denaren ezaugarri besterik ez da. Gaztetan ikasitako ohiko irakurketa zaharkituaren bitartez begiei irakasten zaien mugimendu geldo eta bihurria alboratuz, Prakagorriren metodologiaren hasieratik abiadura gero eta handiagoak lortzeko ekimenak lantzen ditugu ulermena alde batera utzita. Beste ezer egin aurretik abiada handian jarduten ikasi arte ulermenari jaramonik egitea antzua da. Goi mailako ulermenerako ezinbestekoa da abiada handietan jarduteko gaitasuna lortzea.

11. Orain arteko guztia aintzat hartuz, irakurketa nola definituko zenuke?
Gure begiak dira gizakiak ezagutzen dituenen artetik tresna optikorik harrigarrienak. Ohiko irakurketak begiei alferreko lan ikaragarria eragiteaz gain, ez dio ulermenari inolako mesederik egiten. Irakurketa, maila askotan egiten den prozesu konplexua dugu eta ezinbestekoa da, goi mailako irakurlea izatera iritsi nahi baldin bada behintzat, ohiko irakurketa zaharkitua behin betiko baztertu eta irakurketa eraginkorrerako teknologiak barneratzea irakurtzen berrikasiz. Ikasitakoagatik baino irakurritakoagatik gara garen bezalakoak.