Aurki bilduko da Sakanako Sozioekonomia Behatokia

Guaixe 2016ko ots. 28a, 12:44

Behatokiaren aurreko bilera bat.

Sakanako garapenarekin ardura duten eragileei bilerarako gonbitea egin zaie, ordezkariak izendatu eta haren kontaktua (telefonoa eta e-posta) imanterola@sakanagaratzen.com helbidera martxoaren 7a baino lehen bidaltzea eskatzearekin batera

Sakanako Mankomunitateak, Cederna-Garalurrek, Sakanako Garapen Agentziak eta Sakantzen Sareak aurki Sakanako Sozioekonomia Behatokiaren (SSB) bilera deituko dute. Horregatik, ibarreko eragileei gonbitea luzatu diete. Behatokiaren sustatzaileek azaldu dutenez, “gaur egun, sozioekonomia aldaketak oso azkar ematen direla kontuan harturik, gurean abian jarri dugunaren antzeko Tokiko Garapen prozesuek egoera aldakorretara moldatzeko ahalmena ezinbestekoa dute”.

Sakanako Plan Estrategikoa onartuta eta indarrean dagoela, SSBko sustatzaileek “nahitaezkoa” jo dute “egindako lanaren inguruko hausnarketa sakona egitea: egindakotik ikasiz, akatsak zuzenduz eta etorkizunari zuzen begiratuz”. Ziurtatu dutenez, “Sakanako Plan Estrategikoaren arrakasta hein handi batean jarraipenari lotua dago”. SSBk aurki eginen dituen bileran parte hartzeko gonbitea zabaldu dute.


Sakanako Sozioekonomia Behatokia
Zeinek osatzen dute?
Udaletako eta Mankomunitateko ordezkariak, alderdi politikoak, sindikatuak, enpresetako ordezkariak, hezkuntzako eragileak, gizarte zerbitzuak, Nafarroako Enplegu Zerbitzua eta elkarte sozioekonomikoak.

Zein dira bere funtzioak?
Sakanako sozioekonomikoa garapenaren inguruko hausnarketak egitea, plan estrategikoaren ebaluazioa egitea, ekintza lerroen moldaketa edo berrien proposamena egitea eta instituzioei txostenak eta proposamenak luzatzea.

Zenbatero biltzen da?
Gutxienez urtean behin, aurreko urteko ekintzak baloratu eta urte horretako lan proposamena onartzeko. Behatokia osatzen duten eragileen eskariz, gehiagotan biltzeko aukera legoke.