Martxoak 8rako izen emateak zabalik

Guaixe 2016ko ots. 25a, 17:53

Emakumeen Eguna dela eta Sakanan makina bat ekitaldi antolatu dira. Haietako bitan aurretik izena eman beharra dago. Hala, Irurtzunen emakumeendako afaria prestatu dute martxoaren 5erako. Erga-Larreak elkartean izanen da, 22:00etan. Izena eman nahi duenak Pikuxarren, Erga Larreak-en eta kultur etxean egin dezake, ostegunera arte. Afariaren ondoren, Lorena Arangoaren emanaldia izanen da.

Altsasun, berriz, hirugarren aldiz Lilasterketa antolatu dute. Emakumezko eta neskendako lasterketa ez lehiakorra martxoaren 13an izanen da, 11:30ean. Doan eman daiteke izena www.dantzalekusakana.com web-gunean, 948 564 823 telefonoan (Emakumeen Bilgunea) eta lasterketaren egun berean Gure Etxea eraikinean, 11:00etan. Altsasuko Udalak antolatu du lasterketa, Dantzaleku-Sakana atletismo taldearen laguntzaz.