Eskatu Nafarroako olioa

Guaixe 2016ko ots. 25a, 18:13

Eskutik eskura kanpainarekin bertako produktuen kontsumoa sustatu nahi da. Martxoaren 2ra arte eskatu daiteke Nafarroako hegoaldeko oliba olioa, ohiko tokietan.

 

Errigorak hirugarren urtez jarraian Nafarroa hegoaldeko uzta eskutik eskura ekimena jarri du martxan. Kanpaina honen bidez Nafarroako hegoaldeko nekazari eta ekoizleak lagundu nahi dituzte. Kalitateko produktuak zabaltzea da asmoa, beti ere, ekoizle eta kontsumitzaileendako egokiak diren prezioekin. Horrela, Nafarroako Hegoaldeko oliba olio birjina estra ekoizleetatik zuzenean etxeetara ekartzeko kanpaina martxan jarri da. Bi produkturen artean aukeratu daiteke: 5 litroko olio birjina estra (22,5 euro) eta 5 litroko olio birjina estra ekologikoa (32 euro). Olioa 4 ekoizlek jarriko dute: Cascanteko La Casa del Aceitek, Ablitasko kooperatibak, San Isidro del Pinarreko Bardeak eta Arroitzeko Ekolok. Bestalde, maiatzean kontserba loteak eskatzeko aukera eskainiko du kanpainak.

2015ean 9.100 olio bidoi banatu ziren ekimen honekin, 45.500 litro. Aurten 70 herri eta hiritan egin da eskaintza.

Eskaerak
Web orriaren bidez (www.errigora.eus) edo ohiko tokietan eska daiteke. Altsasun ondoko tokietan jarri dira zerrendak: Iñigo Aritza ikastolan, AEKko Itxesi Euskaltegian, Biltokin eta Portukon. Etxarri Aranatzen Karrikestun, Udaberrin eta jubilatuen elkartean daude zerrendak, eta betetako eskuorriak Kaxetan eta Portuko okindegian utzi behar dira. Martxoaren 1ean jasoko dira zerrendak, eta baita Sakanako beste herrietan jarritako beste zerrenda guztiak ere.

Olioa jasotzeko
Olioa Etxarri Aranatzen eta Altsasun jasoko da. Etxarri Aranatzen martxoaren 11n izanen da jasotze eguna, udaletxeko estalopean, Beleixe irratiaren ondoan, 10:00etatik 12:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Orduan egin beharko da ordainketa. Altsasun ezberdin egingo da. AEK-ko zerrendan apuntatutakoek AEK-n jasoko dute, Iñigo Aritza ikastolako zerrendan apuntatutakoek ikastolan. Eta Portukon eta Biltokin apuntatutakoei Antxon Ramirez de Aldak banatuko die, banan-bana.