Etxarri, Lakuntza eta Altsasuko futbol partidak bertan behera

Guaixe 2016ko ots. 29a, 09:28
Lakuntzako Zelai Berri, elurtuta.

Zelaiak zurituta zeuden eta 22. jardunaldiko partidak aurrerago jokatu beharko dituzte gure taldeek

Larunbatean eta igandean zuri-zuriak zeuden Etxarri Aranazko San Donato, Lakuntzako Zelai Berri eta Altsasuko Dantzaleku futbol zelaiak. Hori zela eta, preferente mailan Etxarri Aranatzek Burladesen kontra eta Lagun Arteak San Jorgeren kontra eta erregional mailan Altsasuk Salesianosen kontra jokatu beharreko partidak ezin izan ziren jokatu. Beraz, 22. jardunaldiko partida hauek aurrerago jokatu beharko dituzte gure taldeek, Nafarroako Futbol Federazioak zehazten duen datetan.

Hurrengo jardunaldia
Preferente mailan Gares da liderra (44 puntu). Etxarri Aranatz bosgarrena da (34 puntu) eta Lagun Artea seigarrena (34 puntu), biak partida bat gutxiagorekin. Asteburuan sailkapenean hamargarrena den Berriozarren kontra jokatuko du Etxarrik eta bigarrena den Rotxapea izango du aurkari Lagun Arteak.

Erregional mailako liderra Lezkairu da (54 puntu). Altsasuk bederatzigarren postuan jarraitzen du (27 puntu), partida bat gutxiagorekin. Hain zuzen ere, asteburuan Lezkairu liderraren kontra ariko da Altsasu.