Ezkurdia eta Barriola, Artolak eta Albisuk gaur egingo dutenaren zain

Guaixe 2016ko ots. 29a, 11:32

Artolak eta Albisuk Irribarriari eta Merinori irabazten badiete, puntu bateko aldea aterako diete Ezkurdiari eta Barriolari Binakako finalerdietarako sailkatzeko borrokan

Binakako Pilota Txapelketan azken jardunaldira arte iraungo du emozioak. Asteburuan 13. jardunaldia jokatu da eta finalerdietara sailkatzeko urrezko aukera galtzen utzi zuten Joseba Ezkurdiak eta min hartuta dagoen Abel Barriola ordezkatu zuen Ceciliok. Dagoeneko finalerdietarako sailkatuta dauden Olaizola II.a eta Urrutikoetxea izan zituzten aurkari, baina Goizuetakoak sekulako lezioa eman zuen eta ikusgarri aritu zen Urrutikoetxearekin batera 7 tantotan utzi zituzten Ezkurdia eta Cecilio.
Partida hasieratik nagusitu ziren Olaizola II.a eta Urrutikoetxea (9 eta 1). Ezkurdia eta Cecilio saiatu ziren eta 12 eta 6 gerturatu ziren, baina hortik aurrera hasi zen Aimarren erakustaldia. Mota guztietako tantoak egin zituen goizuetarrak, Ezkurdiaren eta Cecilioren sufrimendurako.

Tolosara begira
Momentuz Irujo-Rezusta (12 puntu) eta Olaizola II.a-Urrutikoetxea (10 puntu) daude sailkatuta Binakako finalerdietarako. Bengoetxea-Untoriak 7 puntu dituzte eta Ezkurdia-Barriolak eta Artola-Albisuk seina puntu. Kontua da gaur Artolak eta Albisuk Irribarria eta Merino izango dituztela aurkari Tolosan, Binakako 13. jardunaldiko azken partidan. Artolak eta Albisuk irabazten badute aurrerapausu polita egingo dute finalerdietarako sailkatzeko. Eta Irribarriak eta Merinok irabazten badute, mesede handia egingo diote Arbizukoari eta Leitzakoari, Artolarekin eta Albisurekin berdinduta jarraituko luketeelako.

Altsasuk erabakiko du
Nolanahi ere, asteburuan jokatuko den azken jardunaldiak, 14.ak, izango du azken hitza. Ezkurdiak eta Barriolak etxean jokatuko dute, Altsasun, igandean, Burunda pilotalekuan, egungo txapeldun Bengoetxea VI.aren eta Untoriaren kontra. Jakina, irabaztera behartuta daude, aukeraren bat izateko. Ea etxean jokatzeak eta zaleen babesak zazpigarren puntu hori lortzen laguntzen dien Ezkurdiari eta Barriolari.

Jaialdia zabaltzen duen partidan, Retegi Birekin arituko da profesionaletan debutatu berri duen Julen Martija etxeberriarrak, Jaunarenaren eta Urruzolaren kontra egiteko. Eta, azken partidan, Gorkak eta Tolosak Arteaga eta Imaz izanen dituzte aurkari.

Altsasuko sarrerak erreserbatzeko
661 259 009 telefonora deitu (Olaia)

Binakakoa. Sailkapena
1.Irujo-Rezusta: 12 puntu
2.Olaizola II.a-Urrutikoetxea: 10 puntu
3.Bengoetxea VI.a-Untoria: 7 puntu
4.Ezkurdia-Barriola: 6 puntu
5.Artola-Albisu: 6 puntu
6.Victor-Beroiz: 5 puntu
7.Retegi Bi-Merino II.a: 3 puntu
8.Irribarria-Merino: 2 puntu

Binakakoa. 14. jardunaldia
Retegi Bi-Merino II.a / Irribarria-Merino (ostiralean, 22:00etan, Urretxun. ETB1, ntb)
Irujo-Rezusta / Artola-Albisu (larunbatean, 17:45ean, Iruñean. ETB1, ntb)
Olaizola II.a-Urrutikoetxea / Victor-Beroiz (larunbatean, Amorebietan)
Bengoetxea VI.a-Untoria / Ezkurdia-Barriola (igandean, 17:00etan, Altsasun. ETB1, ntb)