Mingaina ez dut loturik (arima librea dabilkit lainoan barna ixilik): zaplastekoa nondik etorriko den jakin gabe, masail baten ondoren bestea ez iezaiozu erakuts inoiz ere inori. Emailea nor den aldez aurretik ezagutzea da komeni, eta bereziki, ea baten batek agindu ote dion oparia ematea zuri, sai putre beltz koldarrek ez dutelako mantxarik, besteei ematen die lan zikin horren truke, beren sari.
Ez eman guztia dena eskatzen dizun edozeini. Bihotz onekoa zara, halaxe egin duzu orain arte beti. Agian, eskua jango dizu elikatu duzunak guztiz goseti. Esker txarrekoa da, zinez, zutaz aprobetxatu nahi duen hori. Lagunak aukeratu, nor zaren ikasi.
Oinak dauzkat anpuluez beteta eta odolez beterik, halere ez nauzue ikusiko makurtuta edo belaunikaturik. Dirua eskatzen nabil ene bazterretik, ez nago konpainiarik gabe nire txakur txikiarekin. Okerrago dabiltza preso gaixoak urrundik herritik, ebasle zuriak lasai dabiltza, ordea, libre kaletik. Ezer gabe nago orain eta ez daukat etxerik, kaleratze txar batek utzi nau hotzak hartuta, eztulka, biluzik. Baina ez nago bakarrik, nor naizen ni badakit.
Herri bat ez garela esan dizute maiz. Gure bidaide askok diskurtsoa sinetsirik, beren burua ukatzen dute, eta nortzuk diren ez jakinki. Ez dakite nola duten izena, ez zein den beren sorterri, zenbat diren, nortzuk diren, nor diren haien anai-arrebak, haien familia.
Begiak lehor ditut negar egin ezinik, kornea erre baitzidaten zigarro baten punta batekin. Lanbroa ez da lanbroa, sutautsaren kea baizik. Landa zabalak daude bizien aurkako mina hiltzailez josirik. Errefuxiatuak dabiltza zeruaren mugak ezin gainditurik. Ez dute pasaporterik, ez etorkizun garbirik, baina nortasun sendoa dute, nortzuk diren jakinik.
Haur bat hilda dago hondartzaren ertzean, txori zoroak bezala doaz balak hegaka airetik. Suizida batek bere gorpu(tz)a detonatzen du Parisen erditik.
Artzain gazte batek artalde osoa emango luke pakea izan zedin; nekazari zaharrak, berriz, idi parea, munduan justizia egon eta fraternitatearen goldeak ildo zuzenak ireki zitzan. Jende konprometitua da eta munduko urre guztiak ere ezin izanen luke haien duintasuna erosi. Eta ibaiak idortuta ere, ez diete inori ere buru makur eskatuko agorraldia buka dadin, inork ezin izango baitu, ezta urak berak ere, haien handitasuna ito; hor ez dago ezbairik.
Baina haiek bezalakoa izateko ikasi nor zaren. Herri honen izena, duela gutxi arte, deitzen zen Euskadi. Orain askok, gazteek ere, esaten diote honela soilik hiru probintziri. Iparraldea ez ote da Euskadi jadanik? Hilko da Euskadi? Iraunen du zutik? Batek ere ez daki, baina nor zaren badakit. Zu euskalduna zara, goraipa Euskal Herri, gora eta gora beti, eta bizi bedi!!!