Urte hasieran, gehienetan urtarrilean, Madrildik datozen bi eskutitz jasotzen ditugu jubilatuek, gure jubilazioak izango duten igoera jakinarazten diguna, bata, eta errenta aitorpena egiteko aurkeztu behar dugun agiria, bestea. Hizkuntza atsegina erabiltzen dute eta zalantzarik gelditzen bada nahi dugun informazio guztia emateko prest agertzen dira. Bejondaiela, informazioaren beharrik ez dugu sentitzen, kezka bai. Murrizketa gehiagoren zurrumurruak zabaltzen hasiak dira: dirurik ez dago, jubilatu asko dago, bizi itxaropena luzatzen ari da…
Egunkarietan, telebistan, tertulietan… ikusi eta irakurtzen ari gara jubilatu eta pentsionistei gutxiago ordaintzeko kaleratzen dituzten argumentuak eta, zoritxarrez, bada etsita gelditzen denik. Are gehiago, zalantzarik gabeko adostasuna agertzen duenik. Jarrera hau ulertezina da guretako. Gauza bat da, ekonomia arloan jakite murritzekoak izanik, beste irtenbide bat bilatzeko edo proposatzeko gai ez izatea. Eta beste bat, gure etorkizuna mugarik gabeko diru-gose kapitalismoaren eta politiko ustelduen erabakietan lagatzea, uztea.
Horregatik, Euskal Erkideko eta Nafarroako Pentsionisten Plataformak ez gaude ados, onartu ezina da gure egoera. Nafarroan badira 36.000 pertsona, emakumeak gehienak, beraien pentsioak 600 €tara iristen ez direnak. Egoera hau aldatzeko asmoarekin Euskal Erkideko eta Nafarroako Pentsionisten Plataformak ILP bat aurkeztu du bi Parlamentuetan, aldarrikapen hauekin: a/ Kopagoa kendu; b/ 1.080 €ko pentsio minimoa kobratzeko osagarria hitzartu; c/ pentsio eta Gizarte Zerbitzuen ahalmena eskuratu. Eusko Lege Biltzarrean atzera bota dute eskaera, Nafarroan aurrera-bidea eman zaio eta Parlamentuan eztabaidatuko dute.
Aldarrikapen hauek baieztatu eta gizarteratzeko sinadura kanpaina zabal bat antolatzen ari dira, bitartean, martxotik maiatzera. Jende guztien parte-hartzea eskatzen da, gaur edo bihar denoi iritsiko zaigu jubilatuak izateko adina. Bizitzaren azken aldi oparoa arriskuan dago. Adi egon, botere politiko eta ekonomikoak gure pentsioak murrizteko erabiltzen dituzten arrazoiak ez onartu. Ezin dugu ontzat eman jubilatu eta pentsionistak pobrezian bizitzera behartzen gaituen gizarte eta etorkizuna. ZAHARTZARO DUINA IZATEKO ESKUBIDEA DUGU.