Azken garaian maiz entzuten ari garen eta gertutik ezagutzen dugun hiruhortzekoa (gau-aisialdia, droga kontsumoa eta sexu indarkeria) arrastinatzen eta ulertu nahian gabiltza, lagun bizkaitar bat eta biok. Galdera zaharberri asko daude argitzeko eta hausnartzeko. Batetik, parranda giroan ematen diren indarkerietan drogek duten eraginaren inguruan. Eta, bestetik, neska gazteek drogak kontsumitzeko eta gau-giroa berdintasun ikuspuntutik antzemateko duten moduaren inguruan.
Lehenengo galdera horri erantzunez “sumisio kimikoaren” eztabaida mediatikoa legoke. Hedabideetan entzuten dugun kontzeptu horren atzetik, kontuak kontu, bi indarkeria ezberdin leudeke: aldez aurretik prestatutakoa (erasotzaileak, asmo txarrez, biktimari substantzia desinhibitzaile bat ematen dionean) eta oportunista (bere borondatez kontsumitu, gehiegitxo segur aski, eta bere onetik kanpo dagoenari sexu-erasoa egitea). Lehenengo kasua sexu erasotzat jotzen da, baina, bigarrenean erraza da ardura erasoa jaso duenaren bizkar gainera botatzea, gertatutakoaren arduraduna bailitzan.
Azken horiek dira gurean sarritan gertatzen diren sumisio kimikoak, aprobetxategiak, gehienetan edari alkoholikoekin busti-busti eginda. Horrelako egoerak ematen direnean, aurretik kontsumitutako droga(k) erasoaren ardura duela esateko joera dugu, sexu indarkeriaren detonagailua bailitzan. Era honetako diskurtsoekin droga-kontsumoa kriminalizatzearekin batera, erasotzaileek duten ardurari muzin egiten zaio.
Zergatik ez diogu erreparatzen kontsumitzaile-erasotzaileak duen ideologiari eta hark ikasitakoari? Ez al dakigu horrek eragina izan baduela? Adarrek ez digute basoa ikusten uzten. Sexu-indarkeriaren zainak errotuak daude matxismoan, gizon-emakumeen kultura sexualean eta onartuak ditugun estereotipoetan (gizonen inpultsu sexual eutsiezina, neskek ezetza emateko duten modua eta ezetzak ulertzeko era). Horregatik, kontutan izan beharko genuke drogen kontsumoak ez dituela mutil-gizonak sexu-erasotzaile egiten, ezta neska-emakumeak biktima edota errudun bihurtzen ere.