Jon Irisarrik ezin izan zuen Espainiako Kopako lidergoa defendatu

Guaixe 2016ko mar. 1a, 09:43

Guerrita Trofeoan erorikoa izan zuen

Asteburuan Guerrita Trofeoa jokatu da, Espainiako Kopako baliagarria zen bigarren proba. Rural Kutxako Jon Irisarrik ezin izan zuen Espainiako Kopako 23 urtez azpiko lidergoa defendatu, erorikoa izan zuelako eta proba utzi behar izan zuelako. Contador Fundazioko Alvaro Cuadros granadarrak ihes egin zuen helmugarako 70 kilometroren faltan eta inork ezin izan zion jarraitu. Helmugara bakarrik iritsi zen (4:06:58), eta 3:26 atera zizkion Lizarteko Marcos Jurado buru zela sartu zen zazpi txirrindulariz osatutako taldeari. Rural Kutxako lehen txirrindularia Josu Zabala izan zen, helmugara 27. postuan sartu zena. Talde sakandarreko Ander Alonso bigarrena sailkatu zen tartekako helmugako sailkapenean.

Espainiako Kopako hirugarren proba igandean jokatuko da Zizurkil-Asteasun, XIII. Aitzondo Klasikoa, 10:00etan (138,6 km).

Pablo Alonso seigarrena Zumaian
Larunbatean Zumaiako Saria jokatu zen, Euskaldun Torneoa mustutzen zuen proba (112 km). Aldro Team taldeko Julen Amarika izan zen irabazlea, helmugara bakarrik iritsi eta gero (2:48:38). Rural Kutxa-Seguros RGA talde sakandarreko Pablo Alonso seigarrena iritsi zen helmugara, minutu eta erdira (2:49:01).

Lehendakari Torneoa abian
Asteburuan abiatuko da Lehendakari Torneoa. Bertan 23 urtez azpiko afizionatuak lehiatuko dira. Larunbatean jokatuko da lehendabiziko lasterketa, XIII. Ereñoko Udala Sari Nagusia, 10:30ean hasiko dena (105,4 km).