Marcos Berazak bikain hasi du denboraldia

Guaixe 2016ko mar. 2a, 12:37
Marcos Beraza eta Unai Mugica Antosen, Nacional de Enduro txapelketako lehen proban.

Espainiako 2016ko Cross Country txapelketako Guadalajarako proban irintarra lehen juniorra izan zen scrachean

Aurreko asteburuan hasi zen Espainiako Cross Country Txapelketa, Guadalajarako zirkuituan jokatutako lasterketekin. 200 pilotu baino gehiago lehiatu ziren, senior, junior, senior B 2T, senior B 4T, beterano, master eta emakumezkoen kategoriatan. Scrach modalitatean, azkarrenaren sailkapenean, hain zuzen, Marcos Beraza irintarra hirugarrena sailkatu zen, junior mailako lehena. Hurrengo proba hilabete bat barru jokatuko da, San Martin del Vallesen.

Beraza eta Mugica enduroan
Asteburuan hasi zen Nacional de Enduro txapelketa, Almeriako Antosen. 230 pilotu lehiatu ziren, Marcos Beraza irintarra eta Unai Mugica tartean. Marcos Beraza junior open mailan lehiatu zen. Jordi Quer izan zen irabazlea (36:04) eta Marcos Beraza bosgarrena sailkatu zen (37:23). Scrach modalitatean, azkarrenaren sailkapenean, 18.a sailkatu zen Beraza.

Bestalde, Unai Mugica senior B 4T mailan aritu zen. Jordi Piñol nagusitu zen (26:05) eta Unai Mugica 7.a sailkatu zen (27:37).

Enduroa motocross eta trialaren arteko nahasketa modukoa da. Motocrossaren abiadura trialaren teknikarekin nahasten da. Zirkuitu batean egiten da, eta zehaztutako ibilbidea denbora jakin baten barruan egin behar da. Erresistentzia proba da. Cross countrya enduro eta motocrossaren arteko nahasketa bat da. Zirkuitu itxi batean egiten da, baina ibilbidea motocrossarena baino luzeagoa da. Iraupen proba da. Zirkuitu itxi bati ahalik eta buelta gehien eman behar zaizkio zehaztutako denbora batean. Buelta gehien egiten dituena da garailea.