Jatorri ezberdineko hamabost gazte Ennecon ariko dira lanean udan

Erkuden Ruiz Barroso 2016ko mar. 3a, 08:55

Amaia Zabala, Vicente Azpilikueta, Mojca Pusnik, Asli Akin eta Ignacio Gonzalez.

DeAmicitia gobernuz kanpoko erakundeko boluntarioak Etxarri Arantzen egon dira proiektua bertatik ezagutzeko.

Enneco Haritzaren memoria parkea auzolanean egiten ari dira. Administrazioaren baimenaren zain daude lanekin hasteko. Udan Madrilgo DeAmicitia gobernuz kanpoko erakundeko (GKE) nazioarteko hamabost boluntario gazte ariko dira Etxarri Aranatzen lanean. Enneco “oso proiektu interesgarria” dela esan du Ignacio Gonzalez DeAmicitiko kudeatzaileak.

DeAmicitia GKE  jatorri ezberdineko boluntario sare bat da. Alliance nazioarteko elkartearen barruan dago. Elkarte horretan 20.000 bat boluntario aritzen dira munduko 2.000 proiektutan banatuta. Haietako bat Etxarri Aranazko Enneco, haritzaren memoria parkea izanen da aurten. Astelehenean Ignacio Gonzalez DeAmicitiako kudeatzailea eta Mojca Pusnik eta Asli Akin erakundeko boluntarioak Etxarri Aranatzen proiektua ezagutzen egon ziren. Garilaren 4tik 11ra arte hamabost gazte boluntario etorriko direla adostu zuten.

Atzerriko boluntarioak izanen dira eta Gonzalezek azaldu duenez, herrialde ezberdinetako jendea egoten saiatzen dira. “Beste perspektiba batekin datorren gazteak bilatzen ditugu, izan ere, haien herrira itzultzen direnean hemengoa kontatuko dute. Beste errealitate batzuk daudela helaraziko dute”. Onuradunak lanean aritzen diren gazteak dira, Gonzalezen esanetan. Parte hartzen duten proiektuak herrietan onura izan behar dute.

Lanak
Ennecon egin beharreko lanak “asko” dira, Vicente Azpilikueta koordinatzaileak aitortu duenez. Proiektua martxan jartzeko baimenak behar dituzte eta behin haiek iristen direnean parkea eraikitzen hasiko dira. Dagoeneko kastro baskoiaren zimenduak daude, baita eraikin bakoitza egongo den lekua mugatuta ere. Lekua garbitu behar izan dute orain arte auzolanean aritu den jendea. Baina asko dago egiteko. Udan helduko diren boluntarioek “denetarik” egin beharko dute.

Auzolana da proiektu horren oinarria. Ignacio Gonzalezek azaldu du auzolana “herri txikietako” bereizgarri bat dela eta Norvegian ere auzolan kasuak  badirela. Auzolanean ariko dira helduko diren boluntarioak, baita Enneco eraikitzen lagundu nahi duen edozein ere. “Edonor etorri daiteke laguntzera”, adierazi du Amaia Zabala Enneco proiektuaren komunikazio arduradunak. Behin lanak hasten direnean, Sakanako ikastetxeetako umeak parkea bisitatu eta eraikitzen laguntzea nahi dute. “Kastroaren horma nagusiak guk egingo ditugu, baina umeak haien izena harrietan jartzea nahi dugu eta barruan utzi”. Ennecoren beste bereizgarri bat Erdi Aroko dorrea izanen da eta haren eraikintzurako XVIII. mendeko garabio bat jarriko dute. Hala ere, lehenik harrera eraikina egin nahi dute: “horrela eraikitzen dugun bitartean jendea etorri ahalko da”.

Bigarrenez Sakanan
DeAmicitiako hamabost boluntario joan den udan Bernoako galtzada berreskuratzen aritu ziren. Aurten ere hamabost gazte galtzadan lanean ariko direla azaldu du Gonzalezek. Sakana Aitziber Miguel altsasuarrari esker ezagutu zuten. Miguel erakundeko boluntarioa da eta Sakanara etortzeko proposatu zien. Sakana Garapen Agentziarekin batera lan egin zuten joan den urtean eta erraztasun guztiak jarri zizkietela gaineratu du Gonzalezek.